San Prudentzio jaiak hurbil zeudela ikusita, Traña-Matienako gazteak batuko zituen zerbait egitea otu, eta I. Gazte Eguna egin zuten 2015eko apirilean. “Hasierako edizio hura beldur apur bategaz antolatu genuen, baina herrian harrera oso ona izan zuen gure ideiak”, gaineratu du Urienek. Gainera, auzoko gazteak batzea helburu zuen ekimena ezin hobeto irten zela baieztatu dute sustatzaileek. “Orduz geroztik, auzoko gazte guztiok ezagutzen dugu elkar, eta gure arteko harremanak estuagoak dira. Hori oso pozgarria da” , esan du Urienek.
Harrezkero, urtez urte handitzen doan Gazte Eguna antolatzen dabiltza, Gazte Asanbladako beste kide batzuekin batera, Cuesta eta Urien. “Lehenengo edizioaren ostean ezin ginela gelditu ikusi genuen, eta Gazte Egunagaz aurrera egin behar genuela erabaki genuen”, adierazi du Alex Cuestak.
Egitarau oparoa
Orain urte bi hasitako bideari jarraituz, Traña-Matienako Gazte Asanbladak Gazte Eguna antolatu du apirilaren 30erako. Eguerditik gauera arte etenik izango ez duen egitaraua 14:30ean hasiko da, txupinazoagaz eta gazteen bazkariagaz. “Iaz 220 gazte inguru batu ginen bazkarian, eta aurten ere beste horrenbeste batzea espero dugu, 250 txartel jarri ditugu-eta salgai”, adierazi du Cuestak.
Bazkalostean, 17:00etan, hiru urte hauetan ohitura bilakatu diren jokoak egingo dituzte Traña plazan. 18:30ean, Sakatu elektrotxarangak girotuta, herriko tabernetatik poteoan ibiliko dira Traña-Matienako gazteak.
Bestalde, iaz bezala, aurten ere Playback lehiaketa antolatu dute Gazte Asanbladako kideek.Parte-hartzaileek abesti eta abeslari ezagunen imitazio edo antzezpen pertsonalak egingo dituzte, horretarako apropos jantzita. Gauerdian hasi eta 1:00 arte egingo dute, Traña plazako eszenatokian. Izen-ematea aurretik egin beharra dago, 685 762 888 telefono zenbakira deituta.
Playback-aren aurretik eta ostean, musika kontzertuak egongo dira. 23:00etatik gauerdira arte Durangaldeko Nevadah taldeak kontzertua eskainiko du. Lehiaketaren ostean, Enkore taldea arituko da, eta hau bukatutakoan Batek daki erromeria taldeak girotuko du gaua.
Auzoko gazteek aurten ere Gazte Egunari erantzun bikaina ematea espero dute Cuestak eta Urienek, eta urtetik urtera ekimena hobetzea espero dute.
Gazte Asanbladaren txosna
Orain urte bi sortutako Gazte Asanbladak urte barruan hainbat ekintza sortzea zuen helburu, eta horietako batzuk egin ez dituzten arren, tortilla txapelketa bi egin dituzte urte bi hauetan.
Hala ere, egitea gura izan dituzten ekintza batzuk zenbait arrazoirengatik egin barik gelditu direla ikusita, eta gauza batzuk egiteko dirua izatea ezinbestekoa dela jakinda, San Prudentzio jaietan, lehen aldiz, txosna jartzea erabaki dutela jakitera eman dute lokalak hustu eta kaleak betetzeko asmoz lanean dabiltzan gazteek. “Badakigu lan gehiago egin beharko dugula San Prudentzio jaietan, baina aukera ona da Gazte Asanbladarentzat dirua ateratzeko. Beraz, gogor ekin beharko diogu”, dio Cuestak.
Aurtengo jaietan lan gehiago egin beharko duten arren, Gazte Asanblako kideak pozik daude herriko gazteen erantzunagaz. “Pentsatu baino lehen bete genituen txosnako txanda guztiak, eta alde horretatik oso pozik gaude Traña-Matienako gazteek izandako jarreragaz”, adierazi du Alex Cuestak.
Aurrera begira, ekintza gehiago egiten jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute sustatzaileek. Hala ere, horretarako, herriko gazteen konpromisoa ezinbestekoa izango dela adierazi dute. “Momentu honetan, gutxi batzuek antolatzen dugu guztia, eta horrela zaila da aurrera egitea”, bukatu du Cuestak.