Txosna Batzordeak urtero herriko elkarte edo eragile bati eskaintzen dio txupina pizteko aukera. Aurten Abadiñoko Gure Esku Dago elkarteko kideak izango dira txupinazoa jaurtitzeko arduradunak. Maiatzaren 7an, jaietako azken egunean, Abadiñon herri galdeketa sustatuko dutelako aukeratu dituzte, jai batzordeko kideek jakinarazi dutenez. Abadiñoko Gure Esku Dago elkarteko Ibon Lizundiak “esker oneko” daudela eta “ilusio handiz” hartuko duten ardura dela azaldu du.
Txupinazoaren aurretik pregoiak irakurriko dituzte. Txosna Batzordeak lehenengo, eta Gure Esku Dago elkarteak ondoren. “Herritarrak galdeketan parte hartzera animatzea izango da gure mezua. Abadiñar denen ospakizun bat izan dadila gura dugu”, adierazi du Lizundiak. Galdeketa antolatzen dabiltzanen lana ere gogoratuko dute. “Galdeketaren antolakuntza herritar askoren arteko lankidetza eskatzen ari da. Ahalegin komun baten emaitza izango da, eta lan hori guztia ere gogoratu gura dugu”.
Plazan galdeketa gunea
Durango, Zornotza, Elorrio eta Zaldibarren moduan, Abadiñoko herri galdeketa ere maiatzaren 7ko domekan izango da. Gune bi jarriko dituzte: Traña-Matienako Traña plazan bata, eta Zelaietako Txanporta plazan bestea. Sanprudentzioetako azken eguna denez, eguna girotuko duen ekintza sorta prestatzen ere badabiltza.
Abadiñon galdera bikoitza egitea erabaki zuten herri batzar ireki batean: ‘Nahi al duzu euskal estatu burujabe baten herritarra izan?’ da lehenengo galdera. Bai aukeratu dutenek bigarren bat izango dute: Nahi al zenuke euskal estatu hori independentea izatea?