Jose Luis Navarro alkateak azaldu du udalak zergetatik diru sarrera gutxiago eduki duela aurten, eta horregatik, gastua ere murriztu behar izan dutela hainbat ataletan. Jaiak dira atal horietako bat, "funtsezkoak ez direnak" bere esanetan, beste beharrizan batzuekin alderatuta. Iaz 50.000 euroko aurrekontua eduki zuten sanprudentzioetarako, eta aurten 35.000 eurokoa izango da.
Jai batzordean hartutako erabakiaz berba egin du Inma Zapardiez zinegotziak. "Bertso taldetik ez zen inor etortzen jai batzordeko batzarretara ekintza antolatzeko, eta hori ikusita, kentzea baloratu genuen", esan du zinegotziak. "Hala ere, bertso saioa jaietatik kanpo beste egun baten egitea pentsatu genuen, beste diru partida bat erabilita. Udatik bueltan edota Euskararen Egunean izan daiteke".
Su artifizialak bai
Iaz polemika egon zen su artifizialekin, batzordean ez antolatzea erabaki arren, udalak aurrera egitea erabaki zuelako. Jaiak pasa eta gero inkesta bat egin zuten, eta Zapardiezen arabera, bazkari herrikoiak eta su artifizalak dira jendeak gehien estimatzen dituenak. "Horregatik, su artifizialak mantendu ditugu egitarauan". Udalak hartu du bere gain gastu hori.
Suetarako dirua beste partida batetik atera arren, jai batzordeko guztiak ez daude ados formula horregaz, Alex Cuestak dioenez. "Gauza asko kendu egin behar izan dira. Guri aurrekontu bat ematen digute, baina gero, gauza batzuk bai ala bai egon behar dira, aurrekontuan edo beste partida batean sartuta. Ez dakigu zein den benetako aurrekontua", esan du Cuestak.