Silvia Trigueros: “Gune batzuk ez nituen aurretik ezagutzen eta lasterketa asko gustatu zait”

Anboto 2017ko ots. 26a, 21:01

Basque Ultra Trail zirkuituko lehenengo lasterketa irabazi du fisikoki ehuneko ehunean egon barik. Pare bat astean erabat errekuperatuta egotea espero du dagoeneko diseinatuta daukan denboraldiari aurre egiteko.

Hainbat froga egin ditu arazo fisikoen jatorria jakiteko. “Ez dakigu seguru zer den oraindik. Muskulu piramidala izan daiteke”, adierazi du Triguerosek. “Entrenatzaileak esaten zidan zoratuta nengoela erabat errekuperatuta egon barik parte hartu nahi nuelako, baina hitza emanda nengoen eta egon nahi nuen”. Proban zehar ez duela minik sentitu adierazi du. Parte hartzaileen artean ez zegoela emakumezko askorik eta horrek garaipenerako bidea erraztu ziola ere onartu du. Ultra Traila "asko gustatu" zaio. "Ibilbideko gune batzuk ez nituen aurretik ezagutzen", gogoratu du.

“Aurretik izan ditudan lesioetatik errekuperatzeko ez dut sekula hainbeste denbora behar izan, baina pare bat astean erabat osatuta egotea itxaroten dut”, adierazi du abadiñarrak. Dena beharko du 2017rako pentsatuta dituen erronkei aurre egiteko. Irailean Italian lehiatuko den Tor des Geants Ultra Traila (330 km) du denboraldiko helburu nagusia.Aurretik Basque Ultra Trail zirkuituko bigarren proban eta Ehun Milak lasterketan parte hartu du, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!