Garcia lesionatuta, Ariznabarreta da faborito nagusia Bizkaiko kros txapelketa irabazteko

Anboto 2017ko urt. 11a, 13:00

Domekan Abadiñon jokatuko den krosean Bizkaiko txapelak egongo dira jokoan banaka zein taldeka

Domeka honetan Bizkaiko kros txapelketa jokatuko dute Abadiñon. Gizonetan hutsune handi bat egongo da aurten: Bizkaiko hainbat txapel dituen Dabid Garcia (Durangaldea Running) durangarrak ez du parte hartuko lesio baten ondorioz. Horrela, Oier Ariznabarreta (Durango Kirol Taldea) herrikidea da iaz irabazita txapela berrizteko faborito nagusia.

Iazko kros denboraldian  hainbat lehia estu mantendu zituzten Garciak eta Ariznabarretak. Aurten ikuskizun hori barik geratu da kros zalea. Garciak asteon jakinarazi du eskafoide haustura bat duela oinean eta hainbat hiletarako baja izango dela. Ez diote ebakuntzarik egingo, baina oinari atseden eman behar dio. Ariznabarretak errekuperazio arin bat opa dio eta lasterketan faltan botako duela adierazi du sare sozialetan. Lehiaz haratago, lagun onak dira durangar biak.

Ariznabarretak sasoi onean hasi du kros denboraldia. Esaterako, oraintsu jokatu zen Zornotzako nazioarteko kros prestigiotsuan bigarren euskalduna izan da. Txomin Marañon (Durangaldea Running) izan daiteke bere arerio nagusia. Marañon oraindik promesa mailako korrikalaria da, baina Bizkaiko krosetan promesek eta nagusiek batera lehiatzen dute.

Emakumeetan Iraia Garcia zornotzarra eta Gurutze Frades iurretarra dira Sekuleberra taldeak antolatzen duen krosa irabazteko hautagai nagusiak.

Eguraldiak korrikalarien jarduna badintzatu dezakete. Iragarpenek diote euria egingo duela eta, ondorioz, zirkuitua lokaztuta egongo da. Trinkete atzealdeko landetan antolatu dute zirkuitua (1.5 km) eta 400 parte hartzailetik gora itxaroten dituzte.

 

ORDUTEGIA-URTARRILAK 15

10:00 Kadete neskak (2.5 km)

10:20 Kadete mutilak (4km)

10:45 Gazte mailako neskak (3.5 km) eta juniorrak (5 km)

11:15 Gazte mailako mutilak (5 km) eta juniorrak (6.5)

12:05 Emakume seniorrak eta promesak (7.5 km)

13:00 Gizon seniorrak eta rpomseak (9 km)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!