David Garciak agur esan dio denboraldiari

Anboto 2017ko urt. 10a, 13:40

Hezur-lesio batek David Garcia korrikalari durangarra gelditzera behartu du. Haustura izanik baina ez apurketa, ez du operaziorik behar izango. Hala ere, lau-bost hilabete behar izango ditu errekuperatzeko. “Horrelako gauzak gertatzen direnean lesioa sendatu besterik ez da geratzen, amorrua ematen du baina pazientziaz hartu beharko dut”, adierazi du txapeldunak.

Eskafoide haustura lesio larria da korrikalarientzat. Hezurrek lurraren kontra eta beraien artean inpaktatzean bibrazioak sortzen dituzte eta muskuluek eta tendoiek bibrazio horiei ezin dienean erantzun hezurrek hartzen dituzte kolpe guztiak eta pixkanaka hausten hasten dira. “Normalean hezurrak bakarrik osatzen dira, beraz, esfortzu gutxi eta hanka lurrean ahalik eta gutxien jartzea gomendatu didate”. Lau hilabetez minagaz egon den arren, “limiteraino joatea gustatzen zaigu kirolariei eta nahiz eta min izan jarraitzea nahi dugu, baina gelditzeko ordua heldu da”.

Denboraldiko txapelketa gehienak datoz orain eta  Garciarentzat, “pena bat da baina denboraldia bukatu zaidala onartzea tokatzen da”.  Hezurrek normalean bi hilabeteko denbora bat behar dute sendatzeko eta gero errehabilitazio lanak hasi beharko ditu. Atleta durangarrak korrika egiten jarraitu nahi du baina “momentu honetan ondo sendatzea da nire helburua eta ez dut besterik pentsatzen”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!