Eneko Etxebarria: “Abadiñoko Txopoaren beharrei erantzuteko lanean gabiltza”

Anboto 2016ko aza. 17a, 16:44

Matienako kiroldegian federatu gabeko talde batek hartuta daukan ordua federatuta dagoen Abadiñoko Txopoari gehitzeko urratsak ematen dabiltzala adierazi du Abadiñoko Udaleko kirol arloko zinegotziak.

Matienako kiroldegia erabiltzeko ordutegiak beteta daude. Eskaria eskaintza baino handiagoa da kiroldegia egin zutenetik lehenengoz. Ondorioz, orain arte malgutasunez aplikatzen zuten arlo horretako ordenantza zorrotzago erabiliko dute aurrerantzean. Bide horretan, Abadiñoko Txopoa areto futbol taldearen “beharrei erantzuteko lanean gabiltza”, adierazi du Eneko Etxebarria kirol zinegotziak.

Abadiñoko Txopoa talde federatua da, eta federatu gabekoekin alderatuz kiroldegia erabiltzeko lehentasuna dauka. Eta badago federatu gabeko talde bat Matienako kiroldegia erabiltzen duena. Horiek erabiltzen duten ordua Abadiñoko Txopoari gehitzeko urratsak ematen dabiltzala dio Etxebarriak.

Orain Abadiñoko Txopoak asteko ordu batean kantxa osoa eurentzako du entrenamendurako eta bigarren ordu bat kick boxing-eko talde batekin elkarbanatzen du. Federatu gabekoen ordua Abadiñoko Txopoari emanda kantxa osoa eurentzako izango lukete bigarren ordu horretan ere.

Aukera horren aurretik beste bat landu zuten. Lehenengo aukera kickboxing taldekoak udaleko beste lokal batera tokialdatzea izan zen, baina horrek arazo bi zituen: “Alde batetik, federatutako taldea da. Bestetik, lokal hori atondu egin beharko litzateke. Prozesu horrek luze iraungo lukeela ikusten genuen eta horregatik erabaki genuen beste bide hori jorratzea”.

“Inork ez zidan batzarrerako deitu”

Abadiñoko Txopoak adierazi du aurtengo liga hasi ostean alde biko batzar bat egiteko proposamena jaso zutela: udaleko kirol zinegotziaren eta kiroldegia erabiltzen duten beste talde biren artean. Baina batzar horretara kirol zinegotzia barik Emtesport-eko (kiroldegia kudeatzen duen enpresa) ordezkaria azaldu zela kritikatu zuten, udalaren eta taldeen arteko bitartekari lana egiteko. “Niri inork ez zidan batzar horretara joateko deirik egin edo gonbidapenik luzatu“, argitu du Etxebarriak: "Emtesporteko arduradunak deitu zien taldeei eurek eramaten dutelako kiroldegiaren kudeaketa". Alde horretatik, “harrituta nago, ez dakit nork esango zien batzar horretan udaleko ordezkariren bat egongo zela, nik horren berri ere izan ez dudanean”. Era berean, ordutegiak zehazteko udan udaletxera joan zirenean ere “nirekin behintzat ez ziren egon; ez dakit udaletxeko norekin berba egingo zuten, baina nirekin behintzat ez”, gehitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!