Maiatzean, oraindik taldea sortze prozesuan zegoela, udalera joan eta kiroldegia erabiltzeko “ez zegoela arazorik” esan zieten, ikasturte berriko ordutegiak “oraindik zehaztu barik” zeudela, sare sozialetako mezu batean azaldu dutenez. Horregatik proiektuagaz aurrera jarraitzea erabaki zuten “denbora, sakrifizio eta ahalegin handia” erabiliz. Irailean ordutegiak ahalik eta arinen argitzeko ahaleginak egin arren “ez ziguten erraz jarri”: “Udalean galdetu eta igerilekura bidali gintuzten, Emtesport-engana [kiroldegiko kudeatzaileak]. Eta haiek, aldiz, udalera bideratzen gintuzten. Barregarri sentitzen ginen”.
Ikasturtea hasi ostean entrenatzera zihoazen bakoitzean “azpiegiturak okupatuta” aurkitzen zituztela diote. Urrian liga hasi eta “ ez geneukan entrenatzeko tokirik”. Arazoa bideratzeko udaleko kirol zinegotziagaz eta kiroldegiko beste erabiltzaile batzuekin batzarra proposatu zieten, baina batzarrera Emtesport-eko arduradun bat joan zen udalagaz bitartekari lana egitera. Gainera, “batzar horretan konturatu ginen guk ez beste talde denek ordutegi zehaztu bat zeukatela”. Batzar horren bidez udalari hainbat proposamen helerazi zizkieten, baina “oraindik proposamen horiek aztertzen dihardute”.
Egoera horren aurrean “indargabe eta frustatuta” sentitzen direla diote: “Ulertzen ez dugun hierarkia bateko behealdean sentitzen gara” eta kiroldegiko “kudeaketa txarra” kritikatu dute. “Gutxietsita” sentitzen direla diote, baina aurrera jarraitzeko “ilusioz” ere bai.