Mercadonak eta Lidlek merkataritza-gune berria zabalduko dute Muruetan

Anboto 2016ko mar. 23a, 23:08

Abadiñoko Murueta auzoan eraiki gura dituzte saltoki berriak. Mercadonak 4.400 metro karratuko azalera hartuko du. Lidlek berriz 4.500. Obrak hasi ahal izateko, udalak arau subsidiarioak aldatu beharko ditu datorren martitzeneko udalbatzarrean. Bi enpresen artean 80 behargin kontratatzea aurreikusi dute. Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak dioenez, bi enpresei herriko langileak kontratatzeko ahalegina egitea eskatu die. 

Mercadonak eta Lidlek Abadiñon saltoki berriak zabaltzeko asmoa dutela jakitera eman du udalak. Prentsa oharrean azaldu dutenez, Mercadonak 7.400 metro karratuko azalera izango du eta Lidlek berriz 7.500. Abadiñoren eta Durangoren arteko mugan kokatuko dira saltoki berriak. Horretarako, Abadiñoko Udalak arau subsidiarioak aldatzea onartu beharko du datorren martitzeneko ohiko bilkuran. Muruetan, 31.973 metro karratuko lursaila erabilera komertzialeko zoru urbano moduan izendatzeko asmoa duela azaldu du gobernu taldeak. 

Mercadonak eta Lidlek 80 langile kontratatzeko asmoa dutela dio Jose Luis Navarro alkateak. Navarrok aurreratu duenez, herriko langileak kontratatzeko ahalegina egin dezatela eskatu die. Saltokiak zabaltzeko data zehatzik ez dagoen arren, Mercadona 2017an zabaltzea aurreikusi dute alkatearen arabera. "Saltoki hauen irekiera positiboa da herriarentzat lanpostuak sortuko baitira. Gainera, inguru hori urbanizatuta geldituko da, eta udalarentzat diru-sarrerak izango dira". 

Exekuzio unitate honetan, 1.974 metro karratuko espazioa geldituko da beste saltoki batentzat. Mercadonaren eta Lidlen eraikinen inguruko zehaztapenak ere aurreratu ditu udalak: Beheko solairua eta bigarren solairua izango dituzte. Espazio horretan, Euskotrenen trazatu zaharreko zati bat dago. Gainera, arau subsidiarioen aldaketak Durangoko Udalarekin hitzarmena sinatzea ere eskatzen duela gaineratu du Navarrok.

Parte-hartze prozesua

Hurrengo udalbatzarrean udalak herritarren parte-hartze prozesua martxan jartzea onartuko duela gogoratu du Navarrok, aldaketa urbanistikoa martxan jarri aurretik. Pauso honen ondoren, proposamena hiri planeamenduko aholkularitza batzordera bidaliko dute. 

Trafikoaren azterketa

Arau subsidiarioen aldaketarekin batera inguruko trafikoan izango duen eraginari buruzko azterketa azalduko dute. Alkateak aurreratu duenez, aktibitate komertzial berriek ez dute nabarmen eragingo inguruko errepide sarean "gaitasun handikoak" baitira.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!