Mercadonaren eta Lidlen proiektuak komertzio ereduaren saltsa piztu du

Anboto 2016ko api. 29a, 09:44

Duela hilabete jakin zen Abadiñoko Murueta auzoan Mercadonaren eta Lidlen supermerkatuak eraikitzeko plana martxan dagoela, eta ordutik hona, eman du zer esana. EH Bildu ez dago ados, Dendak Bai elkartea ere ez, eta Durangon, merkataritza lokalaren aldeko mozio bat babestu dute. Astelehenean, batzar zabala antolatu zuen Abadiñoko udalak proiektua azaltzeko, eta hainbat herritar eta merkatarik kexa agertu zuten. Ondorioz, proiektuak komertzio ereduaren inguruko saltsa piztu du.

Asteleheneko batzarrean, lurren birkalifikazioaren proposamenari ezezkoa adierazi zioten bertaratutako herritar gehienek, “ez” zioten kartelak altxatuta. Merkatari batek, esaterako, “horren gai serioaren” inguruko erabakia hartzeko galdeketa lotesle bat eskatu zuen. Galdeketa egin gura izanez gero, sinadura bilketa bat burutu beharko litzatekeela erantzun zion Jose Luis Navarro alkateak. Merkataritzan izango duen eraginaz kezka agertu zuten batzuek, eta udala hirigintzako plan orokorra berrikusten dabilen bitartean lursailen birkalifikazioa egitea ere ez zuten begi onez ikusi. Baina, Navarrok azaldu zuen plana aldatzeak urteak beharko dituela, eta aldaketa puntualak epeak aurreratzen lagunduko duela.

Elkartea, udalaren eskutik
Supermerkatuen proiektua azaleratu den sasoi berean, udalak Abadiñoko Merkatarien Elkartearen sorrera dinamizatu du, eta komertzioentzat laguntzak eta deskontu bonuak eskainiko dituela iragarri du. Independienteekin batera Abadiñoko gobernu taldean dagoen EAJk ere garrantzia eman dio horri: “Batetik, behar besteko tresnak jarri ditugu abian merkataritzaren etorkizuna bermatzeko eta, bestetik, firma berriak gure udalerrian instalatzea ahalbidetu dugu”. Denda txiki eta saltoki handien elkarbizitzan dago gakoa, jeltzaleen ustez.


Durangoko baimena behar
Supermerkatuentzat birkalifikatu gura den lurra Abadiñon egon arren, Durangogaz mugan dago, San Fausto auzoaren alboan. Gainera, supermerkatuentzako sarrera San Faustoko lurretatik egitea aurreikusten da, eta horregatik, Durangoko Udalaren baimena behar du Abadiñokoak, proiektuak aurrera egiteko. Beraz, hasieran uste zena baino ardura gehiago dauka Durangok egitasmoan. “Durangok baldintzatzen badu, proiektua asko zailduko da”, esan du Eider Uribe zinegotziak (EH Bildu). Navarrori proiektuaren atzean ibiltzea egotzi dio: “Abadiño ez dabil diruz ondo, eta horregatik, Navarro Mercadonaren bila joan da hiru bider”.

Hain zuzen ere, birkalifikazioa “ezin dela aldebakarrekoa izan” ohartarazi dio Durangoko Udalak Abadiñokoari. Baimena lortzeko asmoz Abadiñotik bidalitako hitzarmena batzordean landuko dute durangarrek.

Saltsa piztu da, eta seguru zer esana ematen jarraituko duela. Merkatari, herritar eta sindikatuak proiektuaren aurka antolatzen dabiltza.

PLANAREN EZAUGARRIAK

• 32.000 metro karratuko azalera.
• Mercadonak 7.400 metro karratu.
• Lidlek 7.500 metro karratu.
• Hirugarren supermerkatu batentzako lekua, 1.980 metro karratukoa.
• Beheko solairua eta beste bi edukiko dituzte.
• Aparkalekuak egongo dira.
• 5.500 metro karratu espazio librerako. Ingurua urbanizatuko da.

AURREIKUSPENAK
• Supermerkatu biekin 80 lanpostu sortzea.
• Mercadona 2017rako zabaltzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!