Javier Elorriaga: "Hunkitu egin nintzen; polita da zeure herrian omenaldia jasotzea"

Anboto 2016ko eka. 5a, 10:00

Oraintsu, Abadiñon egindako gazte mailako lasterketa batean Javier Elorriaga omendu dute bere txirrindulari ibilbide oparoagatik (43 garaipen) zein txirrindularitza sustatzen egindako lan handiagatik. Bizikleta denda ezagun bat ere badu Matienan. Orain, jubilatuta, kanpotik baina interesarekin bizi du bizikleta mundua.

Hunkituta ikusi omen zintuzten omenaldian.
Ni erraz emozinatzen naiz, eta han aurrean hainbeste jende ikusita… bai, hunkitu egin nintzen. Polita da zeure herrian horrelako omenaldia jasotzea.

Abadiñon urte askoan lan handia egin duzu txirrindularitza sustatzen.
Orain 28 urte txirrindularitza eskola sortu genuen, hainbat lagunen artean. Jende askoren lanari esker sortu zen. Txirrindularitza eskola, eta kadete, gazte eta afizionatuetako taldea izan zituen Abadiño Txirrindularitza Elkarteak. Urtean zehar hainbat lasterketa antolatzen genuen Abadiñon, baina, batez ere, gazteei laguntza eskaintzea zen gure helburua. Horietako batzuk gora heldu ziren, eta horrek poza ematen du, jakina. David Etxebarria, esaterako, gure taldeetan hasi zen.

Zelan dago gaur egun Abadiñoko txirrindularitza elkartea?
Nik orain hiru-lau urte utzi nuenean, inork ez zuen erreleboa hartu, eta desagertu egin zen. Gero, orain urte bi, lagun talde batek Abadiño-Muntsaratz txirrindularitza taldea sortu zuen berriro. Ia beste urte pilo batean jarraitzen duten.

Gaur egun, zelan bizi duzu txirrindularitza?
Batez ere mendi bizikletan ibiltzen naiz, Lebarion dugun baserri ingurutik, baina ez askorik ere. Bestela, txirrindularitzaren gaurkotasuna jarraitzen dut. Giroa jarraitu dut. Landagaz banuen esperantza baina… gastroenteritis batek edozein txapeldun apaltzen du, horrelakoak etorri egiten dira.

Euskaldunok esperantza handia dugu Mikel Landarengan.
Dohain itzelak dituen txirrindularia da, dudarik barik. Ni, sasoi batean, Euskal Herriko federazioko hautatzaile lanetan aritu nintzen, eta gazte-gaztetatik, kadete adinetik, begia bota nion.  Bizikletan ibiltzeko erraztasuna zuen txirrindularia zela ikusten nuen.

70eko hamarkada ia osoan profesional izan zinen, hainbat taldetan, eta 43 garaipen lortu zenituen. Palmares oparoa da.
Nire ibilbidean 157 podium ditut. Zeozer esan gura du horrek. Askotan bigarren amaitu nuen. 1976an, esaterako, 22 bider bigarren postuan geratu nintzen, eta zortzi garaipen lortu nituen. Askotan suertatzen zitzaidan ihes egindako batek irabaztea, eta gero, atzetik, tropeleko esprintean neu nagusitzea. Etapa  hobeto kontrolatzea falta izan zitzaigun sarritan. Esprintean ondo moldatzen nintzen, eta erlojupekoan ere bai. Espainian korritzen diren buelta denetan etapa garaipenak lortu nituen.

Espainiako Itzulian etapa garaipen bi dituzu.
Lehenengoa 1978an izan zen, Bartzelonako Montjuic-en. Esprintean irabazi nuen. Bigarrenean, gogoan dut, etapa hasi aurretik euria eta txingorra ari zuela: zirarekin eta abarrekin ondo babestuta joateko etapa zen. Bat-batean, Belgikako talde bateko txirrindulariek arropa batzuk erantzi zituzten, eta manga laburretan geratu ziren. Egiten zuen hotzagaz! Segituan berdina egiteko esan nien taldekideei: “Hemen hasieratik gerra egongo da!”. Halaxe gertatu zen. Tropela hasieratik erabat hautsi zen, eta aurreko taldean sartzea lortu genuen. 60 bat kilometro falta zirela, erasoa jo eta ihes eginda heldu nintzen.

Espainiako txapelketan zilar eta brontze bana ere irabazi zenituen.
Zilarra irabazi nuenekoa… esprintean irabazita nuen lasterketa izan zen. Azken unean, atzealdetik gainera sartu zitzaidan Txomin Perurena, eta beldurtu egin nintzen. Beste talde batekoa izan balitz erreklamatu egingo nuen, eta erreklamazioa irabazi ere bai, baina, taldekidea zenez, horretan utzi genuen. Brontzea nire ibilbideko azken urtean irabazi nuen. Metro erdi falta izan zitzaidan urrea irabazteko. Atzetik aurrera indartsu nentorren, besteak baino askoz arinago. Helmuga marra metro bat haruntzago egon balitz, urrea nirea izango zen.

Zure sasoian korritzen zenuten moduaren eta gaur egungoaren artean alde handia dago?
Ez  dute zerikusirik. Errepideak, bizikletak eurak, medikuntza arloa… dena aldatu da. Ondorioz, korritzeko modua ere bai. Gaur egun, azkenengo kilometroetan kontrol handia egoten da lasterketetan. Talde indartsuak 50 kilometro orduko abiadan jartzen dira, eta hor ez dago tropeletik irteterik. Gure sasoian ere bazegoen talde lana, baina ez orain beste. Apur bat libreagoa zen dena. Gaur egun, zuzendariek telebista dute autoetan, eta txirrindulariak entzungailuak daramatzate. Dena milimetroko zehaztasunez neurtuta dago.

Abadiñon lehitatutako txirrindularitza lasterketan omendu zuten Javier Elorriaga

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!