Sinadura nahikoa batuz gero herri galdeketarako konpromisoa eskatzen du EHBilduren mozioak

Anboto 2016ko mai. 21a, 17:17

Asteleheneko ezohiko udalbatzarrean eztabaidatuko dute.

Abadiñoko plataforma bat sinadurak batzen dabil herri galdeketa bat eskatzeko. Merkatalgune bi herrian kokatzea ahalbidetuko lukeen lurzoruaren aldaketa puntualari buruzko galdeketa litzateke. EHBilduren ustez, "baldin egoera honetan aurrera jarraituko balitz plangintzako aldaketa puntualarekin, ezentzun egingo litzaioke bai elkarrizketa puntualetan, bai batzar irekian gehiengoak adierazi duen nahiari".

Ildo horretatik mozio bat aurkeztu dute. Asteleheneko udalbatzarrean bozkatuko da eta onarpenerako bost puntu ditu. Honako hauek dira:

- Abadiñoko Udalak aintzat hartzen ditu, eta errespetatzen, saltoki handi berrien aurka adierazi diren ahots eta iritziak.

- Abadiñoko Udalak aitortzen du herri-galdeketak garrantzitsuak eta baliagarriak direla herri osoari eragiten dioten erabaki estrategikoak hartzeko orduan.

- Baldin herriko zentsoaren %10 baino gehiagoren sinadurak biltzen badira, Abadiñoko Udalak konpromisoa hartzen du herri-galdeketa bat antolatzeko plangintzaren aldaketa puntual horri buruz.

- Sinadura-bilketa lanak amaitu artean, eta jakin arte nahikoa sinadura batuko ote den herri-galdeketa egiteko, Abadiñoko Udalak gelditu egingo du aldaketa puntualaren espedientearen tramitazioa.

- Galdeketa egongo balitz, Abadiñoko Udalak errespetatu egingo luke herritarrek haren bitartez adierazitako nahia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!