Supermerkatuak Abadiñora etortzeko lurzoruak tramitatzen jarraituko dute Independienteek

Anboto 2016ko mai. 20a, 21:34

Bizilagunentzako "onura ekonomiko zein soziala, hau da, lanpostuen sorrera" ekarriko ditu, prentsa ohar batean adierazi dutenez.

Asteleheneko udalbatzarrean EHBilduk supermerkatuen etorreraren inguruko mozioa aurkeztuko duela-eta,  Abadiñoko Independienteek mozio horri ezezkoa emango diotela aurreratu dute prentsa ohar batean. Independienteen ustez, "egunero erakusten dugu komertzio lokalarekiko dugun interesa": "Inork ezin digu ikasgairik eman gure bizilagunak barne kontsumora bideratu daitezen saiatuz egiten dugun kudeaketan. Gero beste kontu bat da bakoitzak bere erosketak non egiten dituen, nork bere erabaki propioak hartuta eta norbanako askatasunagaz". Barne kontsumoa indartzeko ekimenak "babesten ditugu eta babesten jarraituko dugu", diote eta helburu horrekin sortutako Turismo eta Komertzio saila aipatu dute.

Hala ere, "beste supermerkatuen etorrera mugatzen saiatzea edo eragoztea ez da gizarte libre eta anitz baten jarrera". Horregatik, "Gobernu Talde honek lurzoruaren modifikazioa tramitatzen jarraituko du, zeinak enpresa bi herrian kokatzea ahalbidetuko duen; horrek onura ekonomikoak eta sozialak, hau da, enplegu sorrera, ekarriko dizkie bizilagunei".

 

EHBilduren mozioa

Orain arte, auzi honen inguruan herritarren iritzia jakiteko ireki diren bideetan jasotakoak aztertuta EHBilduk uste du abadiñarrek ez dutela argi ikusten supermerkatuen etorrera: "Alkateak baietz dio, baina gure perzepzioa da ez dagoela hori adierazten duen datu objektiborik", dio Mikel Urrutiak. Horregatik, sortu den plataforma berriak sustatu duen sinadura bilketak zelako indarra daukan ikusi arte lurren tramitazioa aurrera ez eramateko eskatzen du mozioak alde batetik. Bestetik, erroldaren %10ak baino gehiagok herri galdeketa egitearen aldeko sinadura ematen badu, horri kasu egiteko eskatzen dute: "Ariketa demokratiko bat litzateke".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!