Abadiñoko EAJ: "Denda txiki eta handiek elkarrekin bizi behar dute"

Anboto 2016ko api. 21a, 10:09
Murueta auzoan eraiki gura dituzte Mercadona eta Lidl

Abadiñoko jeltzaleek prentsa oharra bidali dute Mercadona eta Lidlen zabalpenaren inguruko jarrera plazaratzeko.

EAJk dioenez, legealdiaren hasieratik lanean egon dira "herriko merkataritza suspertzeko" asmoz: "Alde batetik, behar besteko tresnak jarri ditugu abian merkataritzaren etorkizuna bermatzeko eta, bestetik, firma berriak gure udalerrian instalatzea ahalbidetu dugu".

Jeltzaleen ustez, supermerkatuen eta denda txikien ereduan elkarbizitza da gakoa: "Denda txiki eta handiek elkarrekin bizi behar dute, bakoitza bere negozio ereduarekin". Hala ere, gaur egun merkataritzak bizi duen egoeraz ere ohartarazi du EAJk: "Ezin dugu pentsatu lehen bezala saltzen jarraitu ahal dugula, eta pauso berriak eman behar ditugu gure bezeroei balio erantsia duten produktu eta zerbitzuak eskaintzeko".

Herriko komertzio lokalak indartzeko, Abadiñoko Merkatarien Elkartea bultzatu dutela esan du EAJk, eta doako TAO sistemaren eraginez, dendetara joatea errazagoa dela ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!