Mercadona eta Lidlen planak oztopo bat topatu du Durangon

Anboto 2016ko api. 20a, 13:02

Abadiñoko Udalak Murueta auzoan Mercadona eta Lidl supermerkatuak zabaltzeko plana martxan dauka, baina ez da eztabaidatik libratu. Gainera, oztopo bat topatu du Durangon. Izan ere, udalbatzak uste du proiektuak eragin zuzena daukala Durangon ere, eta horregatik, Muruetan lurren birkalifikazioan egin gura duten aldaketa “ezin dela alebakarrekoa izan” ohartarazi dio Abadiñoko Udalari. EH Bilduk aurkeztutako mozioa beste alderdi guztiek babestu zuten, PPk izan ezik.

Dani Maezturen (EH Bldu) ustez, Durango, Iurreta eta Abadiñok “errealitate fisiko bat” osatzen dute, eta horregatik, azpiegiturak ikuspegi horregaz egin behar dira: “Hirigintza ez da mapen gainean marrazkiak egitea”. Gainera, periferiako supermerkatuen ereduak eta komertzio lokalenak “talka” egiten dutela dio Maeztuk. “Proiektua kaltegarria da Durangoko ehun sozioekonomikorako; %80 zerbitzuetakoa da, hurreko merkataritzari lotutakoa”.

“Enplegu galera”
Proiektuaren eskumena Abadiñokoa dela onartu arren, bideak aztertzeko prest dago EAJ. Goiztidi Diaz:“Gure eskumenen barnean egiteko aukera duguna egiteko prest gaude”. Julián Ríosek adierazi du egitasmoak “enplegu galera” ekarriko lukeela Durangoko komertzioan: “Zer eredu nahi dugu? Komertzioak ixtea? Kalean bizirik ez egotea?”. Pilar Ríosen (PSE-EE) iritziz, “Durango erreferente da komertzioan”, eta hori babestu behar dela dio.

Fran Garate (PP) soilik agertu da mozioaren aurka. “Durangon eragingo duela, ez dut zalantzarik. Baina ez da gure eskumena”.

Navarrogaz batzartzea
PSE-EEren eskari bat gehituta, Abadiñoko Udalagaz ahalik eta arinen batzartzea onartu dute. Bestalde, Durangoko batzordera merkatariak eta San Faustoko auzokideak gonbidatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!