Murueta auzoan merkatalgune berriak zabaltzeko lehenengo pausua eman dute

Anboto 2016ko mar. 30a, 10:28
Parte-hartze prozesuaren inguruan eztabaidan jardun ziren, atzoko plenoan, Mikel Urrutia eta Jose Luis Navarro.

Joan zen astean Abadiñoko Udaleko gobernu taldeak komunikabideetara bidali zuen oharrean aipatzen zen bezala, Murueta auzoan Mercadona eta Lidl merkatalguneak zabaldu ahal izateko, lehenengo pausua eman zuten, atzo, udaletxean: merkatalgunea hartuko lukeen lursailaren birkalifikazioa egin ahal izateko legeak egitera behartzen duen parte-harze prozesua abiatzea onartu zuten, Abadiñoko Independienteak eta EAJren ordezkariek. Kontrako bozka eman zuten EH Bilduk.

Bozketaren aurretik EH Bilduko bozeroaleagaz izan zuen eztabaidan, behin baino gehiagotan aipatu zuen Jose Luis Navarro alkateak, udalak atzo mahai gainean zuena ez zela "lusailaren birkalifikazioa bai ala ez", horren aurreko pausua baizik.

Atzoko osoko bilkuran eztabaidagai izan zen parte-hartze prozesua legeak hala behartzen duelako burutuko dutela kritikatu zion gobernu taldeari Mikel Urrutia EH Bilduko bozeroaleak. Urrutiaren berbetan, atzo onartu bezala, "triptiko bat banatzea eta promotoreak proiektuaren aldeko propaganda zabalduko duen berbaldi bat antolatzea" ez dira herritarren iritzia ezagutzeko modurik aproposenak. "Benetako parte-hartze prozesu batean, herritarrek ikuspegi eta aukera desberdinak ezagutzea bermatu behar da, ez du balio gauza baten aldeko argumentuak bakarrik eman, eta herritarrei horren arabera posizionatzea eskatzea".

Alkateak azpimarratu zuen, parte-hartze prozesua loteslea izan ez arren, herritarren gehiengoak proiektuaren kontrako jarrera agertuko balu, udalak ezingo lukeela egitasmoagaz aurrera jarraitu: "Gehiengoaren adostasunagaz bakarrik egingo du egitasmoak aurrera, izan ere, lursailaren birkalifikazioa udalbatzak onartu beharko du momentua ailegatzen denean".

Eneko Etxebarria EAJko bozeroaleak onartu zuen, egia dela "parte-hartze prozesu hau oinarri-oinarrizkoa dela, eta legezko betebeharra betetzera datorrela", baina alderdi politikoetako ordezkariek bultzatu dezaketela parte-hartze handiagoa. Etxebarriak azpimarratu zuen, "parte-hartze prozesu hau martxan jartzearen aldeko bozka emateak ez du esan nahi lursailaren izendapen aldaketaren alde bozkatuko dugunik horretarako unea ailegatzen denean".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!