Igeriketa taldekoen eskariak entzun eta gero, 1.70 metroko sakonera emango diote igerilekuari

Anboto 2016ko mar. 14a, 11:00

"Igeriketa taldeko kideen eskariak entzun ondoren", Astolako igerilekuan egingo dituzten lanei dagokienez, "planak aldatu" dituela eman du jakitera Abadiñoko udal gobernuak. Komunikabideetara bidali duen oharrean azaldu du, hasiera batean iragarri bezala, 1.40 metroko sakonera barik, 1.70 metrokoa emango diotela, tranpolinen gunean, igerilekuari.

Alkateak azpimarratu duenez, aldaketa hauekin, "igeriketa taldekoen eskariak, eta, era berean, Udalaren hasierako helburuak ere beteko dira: igeri ez dakitenek ere aukera izango dute igerilekua erabiltzeko, edota ikastaro terapeutikoak egiteko, esaterako". Horrelako jardueretarako, ur gimnasio bat eta spinning gela bat atonduko dituzte. Gobernu taldeak azpimarratu du, gainera, obra hauen ostean, "argindarra eta ura aurreztuko" direla.

Abadiñoko Udalak orain aste batzuk aurreratu zuen bezala, hobekuntza lan horiek egin eta igerilekuaren ohiko garbiketa lanak egiteko, igerileku klimatizatua itxita egongo da, martxoaren 21etik apirilaren 10era bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!