Udalak iragarri dituen obrekin kritiko agertu da Astola igeriketa taldea

Anboto 2016ko mar. 1a, 10:45

Abadiñoko Udalak azaldu duenez, "kirol zerbitzua hobetzeko helburuagaz" egingo dituzte obrak Astola igerilekuan: uretan gimnasia eta spinninga egiteko atonduko dute igerilekua, eta kirol jarduera terapeutikoak eskaini ahal izateko, 1,40 metrora murriztuko dute igerileku-ontziaren sakontasuna. Hain zuzen ere, igerilekuak gaur egun duen 2,20 metroko altuera murriztearen kontrako jarrera agertu dute Astola klubeko arduradunek.

Igeriketa klubeko arduradunen berbetan, igerilariek euren entrenamendurako behar dituzten gutxieneko baldintzak ez lirateke beteko, Udalak aurreratu duen bezala, igerilekuaren altuera murriztu ezkero: "Saltoak egiteko, esaterako, oso arriskutsua izango litzateke", dio 55 kideko igeriketa taldearen presidenteak.

Bestalde, obra zelan egin pentsatzeko Udalak igerilari taldearen iritzia aintzat hartu ez izana ere kritikatu dute Astola taldekoek, eta idatzi bat aurkeztu dute Udalean, igerilekuaren altuera ez dezatela murriztu eskatuz.

 

Gobernu taldeak lehengo astean azaldu zuenez, obra horiek burutzeko, itxita egongo da Abadiñoko kirolgunea, martxoaren 21etik 28ra. Kirolgune osoa egongo da egun horietan itxita, eta igerileku klimatuzatuaren itxiera gehiago luzatuko dela ere azaldu du Udalak: apirilaren 10era arte egongo da itxita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!