David Garcia banaka eta DKT taldeka, Euskadiko txapeldun Abadiñon

Anboto 2016ko ots. 15a, 10:43
(Argazkia: @XabierAthletic)

David Garcia kros laburreko Euskadiko txapeldun geratu zen atzo Abadiñon.  Taldeka Durango Kirol Taldeak aurtengo denboraldia borobildu zuen eta Espainiako txapelketarako sailkatu zen. Emakumeetan brontzea jantzi zuen Gurutze Fradesek.

Eguraldi iragarpenek aurreikusitako moduan, euria bidelagun deserosoa izan zen atzo korrikalarientzat eta Abadiñoko zirkuitua erabat lokaztu zuen. Baldintza horietan bikain moldatu zen David Garcia durangarra (Durangaldea Running) eta bera izan zen lehen euskalduna gizonetan (13.57.00), Santurtzi taldeko Oualla eta Bensaid-en atzetik. Ondorioz berak jantzi zuen txapela. Txomin Marañon taldekidea hirugarren sailkatu zen, bigarrenaren denbora berean (14.04.00). Azken kilometroan hiru aurkari aurreratu zituen 20 urteko gazteak. Beraz, Durangaldea Running taldeak korrikalari bi igo zituen podiumera.

Korrikalari bi horien lana ez zen nahikoa izan taldekako sailkapena irabazteko. Ohore hori Durango Kirol Taldearentzat izan zen. Aurtengo denboraldian DKT-k ez du parekorik aurkitu taldeka: Bizkaiko Txapelketa, kros luzeko eta laburreko Euskadiko txapelketak, eta maratoi erdien txapelketa irabazi dituzte. Gainera, atzoko garaipenarekin otsailaren 28an Madrilen jokatuko den Espainiako kluben arteko txapelketa jokatzeko eskubidea irabazi dute.

Emakumeetan Bilbao Atletismo taldeagaz ari den Gurutze Frades iurretarra hirugarren euskalduna izan zen eta brontzea jantzi zuen.


David Garcia eta Txomin Marañon (Argazkia: Durangaldea Running)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!