Egoitz Murgoitio: "Konturatu naiz lagunekin disfrutatzen dudala benetan"

Anboto 2015ko urr. 23a, 09:45

Egoitz Murgoitio eliteko ziklo-krosera bueltatuko da, bihar, Abadiñon jokatuko den proban, Duranguesa-Eiser mailotagaz. Duela ia bi urte eskegi zuen bizikleta, askoren harridurarako; Munduko Kopan emaitza onak lortzen zebilen, baina motibazio falta zeukan. Lagunengan ikusten zuen bizimodu lasaia eduki gura zuen. Hain zuzen ere, adiskidetasunean topatu du txirrindularitzagaz disfrutatzeko bidea.


Motibazio faltagatik utzi zenuen eliteko txirrindularitza. Zelan gogoratzen duzu sasoi hura ia urte bi pasa ostean?
Beti ilusioa edukitzen nuen, kanpora joan, zirkuitu berriak ezagutu, eta onenen aurka lehiatzeko, baina orduan ez neukan hori. Denboraldi hura hasi baino lehen ere igartzen nuen ez neukala aurreko urteetako gogorik. Nahiz eta lehenengo lasterketetako emaitzak onak izan, nire egoera ez zen aldatzen, eta emaitza txarrak etortzean gaitzagoa izango zela uste nuen. Gero, erorikoa eduki nuen, eta saihetsetan fisura egin nuen. Gauza asko batu ziren, eta horrek erre egin ninduen.

Sarri, badirudi kirolari profesionalek ez dutela eskubiderik motibazio falta edukitzeko...
Ez dut esango nire bizimodua txarra zenik. Seguruenik, kirolari askoren ametsa izango litzateke. Momentu hartara arte, niri ere ilusioa sortzen zidan, zaparrotatik amestutako helmuga bat zen. Baina ondo kobratu eta lasterketarik onenak korritu arren, une batetik aurrera ez zidan merezi. Baliteke jendeak orduko nire bizimodua pribilegiatu lez ikustea, baina niretzat, nire ingurukoak ziren pribilegiatuak. Jende asko ikusten nuen niri begira, nire emaitzen esperoan, eta presionatuta sentitzen nintzen. Batzuek galdetzen zidaten ea zelan utziko ote nuen, eta barrutik pentsatzen nuen: “Bazeneki zugatik aldatuko nintzatekeela...”.

Eta orain, zerk motibatu zaitu?
Azken egunetan berba asko egin da. Bueltatuko naizela esan dut, bai, baina egunero 9-10 ordu kamioiagaz lanean egoten naiz. Ez naiz bueltatuko lehengo moduan, ezta hurreratu ere. Bizikleta utzi nuenetik, ia-ia kirolik egin barik egon naiz. Baina, domeka batzuetan irtetean, konturatu naiz lagunekin disfrutatzen dudala benetan. Udaberri partean, Monegroetako [Aragoi, Espainia] martxa egiteko ideia okurritu zitzaigun lagun biri, eta ilusioa izan nuen. Hor hasi nintzen igartzen, bizikletan ibiltzea gustatzen zaidala, eta badagoela erdibide bat lehengo presioaren eta ezer ez egitearen artean. Hamargarren, hogeitabigarren edo laugarren egin, lasterketak disfrutatzeko egin gura ditut.

Ez da erraza izango lana eta entrenamenduak bateratzea, ezta?
Emaitzak lortu gura badituzu, lanetik irten eta gero prestatzea gaitza da. Baina, disfrutatzeko asmo horregaz joanda, ez. Bizikleta hartzeko benetako beharra daukadan egunak daude.

Biharko proban aurrean ibili ahalko zarela iragarri zuten antolatzaileek...
Abuztuan hasi nintzen indartsu entrenatzen, eta orduan esango balidate orain nagoen sasoian egongo nintzela, ez nuke sinistuko. Baina zirkuituan ez dut asko entrenatu, eta nik ere ez dakit zelan moldatuko naizen.  Banaka batzuk baino ez dira egongo lasterketa irabazteko moduan, eta besteok atzetik. Gainera, punturik barik nagoenez, atzean irtengo naiz. Baina podiumera ez dut uste hurreratuko naizenik.

Aitor Hernandez eta Javier Ruiz de Larrinaga datoz txapelaren bila.
Abadiñoko lasterketarentzat oso garrantzitsua da Hernandez eta Ruiz de Larrinaga etortzea, Espainiako Kopako txapelduna eta azpitxapelduna dira, momentuko onenak.

Etorkizuna ere presio barik planteatzen duzu?
Orain daukadan presio bakarra egunero 05:30ean jaikitzea da [barrez]. Horrela da, ez daukat ezer pentsatua. Abadiñoko proban izango ditudan sentsazioen araberakoa izango da gerokoa. Uste baino hobeto nagoela ikusten badut, hurrengo lasterketetara animatuko naiz. Gero, neguan eguraldi txarra ere hasiko da, eta lanak utzitako astiaren arabera izango da. Espainiako Kopako probak, hasiera batean, ez ditut korrituko, baina Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak bai. Hurrengo denboraldian ere korrituko dut seguruenik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!