Silvia Trigueros onenen pare Mont Blanc Ultra Trailean

Anboto 2015ko abu. 31a, 14:53
Silvia Trigueros ezkerraldean Mont Blanc Ultra Traileko garaileen artean.

Senior kategorian irabazi egin du eta emakumeen sailkapen orokorrean laugarren sailkatu da. Inoizko bere sailkapenik onena da Europako lasterketarik gogorrenean.

Urteen joanak ez dio erasaten Silvia Trigueros abadiñarrari (1976). Kontrara, upeleko ardoaren antzera, urterik urtera hobetu egiten ditu bere prestazioak. Helduko da gorputzak ‘nahikoa da’ esango dion eguna, baina bitartean oparoa den palmaresa aberasten dihardu. Azkenengo balentria asteburu honetan lortu du. Europako lasterketarik gogorrena den Mont Blanc Ultra Traila —170 kilometro eta 10.000 metroko desnivel positiboa— irabazi egin du senior kategorian eta emakumeen sailkapen orokorrean podiumaren atarian geratu da. Sailkapen orokorrean, berriz, 45. amaitu du.

Ultra Trail honetan inoiz lortu duen posturik onena da —2013an hirugarren geratu zen seniorretan eta iaz erretiratu egin zen— eta bere ibilbide osoko lorpenik prestigiotsuenetakoa. Proban atzetik aurrerako bidea egin zuen. Indarrak neurtuz eta buruari baietz esanez, postuak aurreratzen joan zen 45.era heldu arte. Bariku gauean hasi eta egun oso batetik gora behar izan zuen lasterketa amaitzeko: 27.39.36.

Denboraldi osoa Frantziako Ultra Trailera sasoi betean heltzeko helburuagaz egituratu du Triguerosek eta ez du hutsik egin. Behar zuen unean, behar zuen maila eman du eta munduko korrikalaririk onenen artean aritu da. Oro har, gogoratzeko moduko denboraldia osatu du; esaterako, ekainean bigarren amaitu zuen Ultra Trailen  Espainiako Txapelketa eta uztailean Beasaingo Bi Haundiak (88 km) proba irabazi zuen. Azken garaipen horrek, Euskadiko Txapelketa eman zion. Mendi lasterketan Espainiako txapelketa ere irabazi zuen 35 urtetik gorako mailan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!