Donal Mc Grath: "Euskara maite dut, eta berori zaintzeko duzuen modua ere bai"

Anboto 2015ko mai. 31a, 10:00

Euskal Herriaz maitemindutako irlandar bat da Donal Mc Grath. Abadiñar baten bisita jaso zuen etxean duela hamabost urte, eta geroztik hartu-eman oso estua dauka gure herriagaz. Hainbat lagun egin ditu, eta Abadiñon kasik etxekoa bezalakoa da, urtero etortzen da bisitan. Gainera, Sinn Féin alderdiko kidea denez, hartu-eman politikoak lantzeko ere aprobetxatzen du. Bitxia badirudi ere, irlandar honek euskaraz daki, eta gero eta hobeto erabiltzen du.


Zelan hasi zinen Euskal Herriaz maitemintzen?
Duela hamabost urte, Amaia, Abadiñoko neska bat, nire etxera etorri zen ingelesa ikastera. Behin, telebista ikusten geundela, Belfasteko martxa orangistak eman zituzten. Berak esan zidan bere herrian ere antzeko egoerak bizi zituztela, eta nik zera galdetu nion: “Espainian?”. Euskal Herrikoa zela erantzun zidan. Euskal Herriaz berba asko egin genuen. Gerora, Amaiak bere etxera gonbidatu ninduen; familia ezagutu nuen, eta horrela sortu zen konexioa. Gero, gainera, bere ahizpa Olatz etorri zen nire etxera. Gainera, Corken Euskal Herriaren aldeko komitea sortu genuen.

Eta, Irlandan bizita, euskara zelan ikasi duzu?
Lehenengo, kasete bategaz eta Internet bidez hasi nintzen, eta hona etortzean praktikatu egiten nuen. Baina, iaz, Corkeko unibertsitateko Ikasketa Hispanikoetako Sailean eskainitako euskara eskoletara joaten hasi nintzen. Astero ordu biko eskola izaten da, eta lau lagun gabiltza. Oso pozik nabil; aurten Korrika ere egin dugu!

Zer gustatzen zaizu gehien Euskal Herritik?
Kultura maite dut, batez ere tradizionala, eta herri kirolak ere bai. Olinpiada euskaldun eta irlandarrak antolatu izan ditugu, adibidez. Euskara maite dut, eta berori zaintzeko duzuen modua ere bai. Gustatuko litzaidake guk berdin egitea; maila txikiago batean bada ere, gu ere bagabiltza saiatzen. Bestetik, jatekoa ere gustatzen zait, batez ere etxean eginikoa. Nire sukaldaritzan txertatu ditut hemengo jaki batzuk.

Eta jendea zelako da?
Euskaldunak oso atseginak dira, eta euskara jakitea abantaila da niretzat.  

Zer leku edo herri da zuretzat bereziena?
Abadiño, inguruko mendiengatik. Beran ere egon naiz, eta mendien paisaia oso polita da. Baina Abadiño da niretzat bereziena.

Zelan ikusten duzu Euskal Herriko egoera politikoa?
Nire ikuspuntutik, egoera politikoa zaila da. Espainiako Gobernuak ez du hitz egin nahi, eta errepresioagaz jarraitzen du. Baina uste dut euskal politikariek badaukatela estrategia, eta egunen batean martxan ipini ahalko dutela. Edozelan ere, nazioarteko laguntza beharrezkoa izango da.

Irlandako politikagintzan, ostera, zer egoera bizi du Sinn Féin alderdiak?
Momentu honetan, Sinn Féin indarra hartzen dabil Irlanda Hegoaldean. Herritarrei begirako proiektu bat aurkeztuko dugu, eta, datozen hauteskundeetan, azaroan seguruenik, irabazteko aukera edukiko dugula uste dut. Iparraldeko sei konderrietan, egoera zailagoa da. Britainia Handiko Gobernuak eta unionistek murrizketak ezarri gura dituzte, eta Sinn Feinek ezetz esango du. Aurrekontuak ez badira onartzen, baliteke parlamentua blokeo egoeran sartzea, eta hori Sinn Féinen kaltetan nahita egiten dabiltza.  

Gerry Adamsek eta Charles printzeak eskua eman zioten elkarri joan zen astean...
Gainerako alderdiei gu bakearen alde lan egiteko prest gaudela erakusteko keinu bat izan zen.

Independentziaren aldeko altxamenduaren mendeurrena gogoratuko duzue datorren urtean.
Oso berezia izango da. Kontrako alderdi politikoak beldurtuta daude. Beldur dira jendea irlandarrok zergatik gauden banatuta galdetzen hasiko ote den. Eurentzat ez da erraza izango azalpenak ematea eta mendeurrena gogoratzea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!