Abadiñok lehia hasi eta berehala galdu zituen txapela janzteko aukera asko. Sokarrolaren kontrako tiraldi biak irabazi ostean, Ibarraren kontrako lehenengoan tiralari garrantzitsu bat lesionatu zitzaien eta zazpiko taldeagaz aurre egin zioten finalari. Ordutik aurrera, lehia orekatzeko Abadiñoren aurkariek ere tiralari bat kendu zuten, baina logikoa den moduan pisurik bajuenekoak kendu zituzten. Beraz, pisuan desabantaila zuela aurre egin zien Abadiñok tiraldi garrantzitsuenei.
Gauzak horrela, Abadiñok Ibarraren kontrako tiraldi biak galdu zituen. Lehenengo tiraldian Ibarra hasieratik hasi zen egurrean eta Abadiñok duin eutsi zion lurrera erortzen hasi zen arte. Bigarren tiraldia erraz eraman zuen Gipuzkoako taldeak. Horrela, Ibarrak 680ko finala irabazi zion Abadiñorekiko mendeku txikia hartu zuen.
Ondoren, Ñapurrak (Ezpeleta) taldearen kontrako tiraldi biak galdu zituen Abadiñok eta finaletik kanpora geratu zen. Ñapurrak askoz gehiago izan zen tiraldi bietan.
Egun aldebresa izan arren, Abadiñok brontzezko dominarako borrokan sartzea lortu zuen hainbat tiraldi irabazita. Hirugarren eta laugarren posturako lehian, Muruetaren kontrako lehen tiraldia galdu egin zuen. Bazirudien aspaldiko partez esku hutsik bueltatuko zela etxera, baina batek daki nondik, egoerari buelta emateko indarrak atera zituen. Muruetak 20 zentimetro eskasera izan zuen brontzea, baina orduan abadiñarren erreakzioa heldu zen. Talde bietako tiralariak lurrera erortzen hasi ziren nekearen ondorioz eta berehalako erreakzioa eta koordinazio handia eskatzen zituen joko horretan Abadiñok etekina atera zuen; apurka soka euren aldera ekarri eta norgehiagoka berdindu zuen. Hirugarren tiraldi erabakiorra oso parekatua eta gogorra izan zen. Baita ikusgarria ere: tiralariak hortzak estutuz eginahalean, entrenatzaile biak urduri aginduak ematen eta animatzen, epailea faltak adierazten orain talde bati orain besteari… Apurka Abadiñok soka bere aldera ekarri zuen eta irabazteko zorian zegoela epaileak Muruetari hirugarren falta adierazi zion. Berdin balio zuen: brontzea Abadiñorentzat. Arratsaldea zelan hasi zen kontuan hartuta, meritu handiko emaitza lortu zute.
Finala baloratzerako orduan "zorte txarra" izan zutela dio Edu Mendizabal Abadiño taldeko entrenatzaileak: "Ia final osoan 20 kiloko desabantailagaz ibili ginen lesio batean ondorioz. Helburua irabaztea zen, baina oraingo honetan ezin izan da. Hala ere, finalista bien kontra bakarrik galdu genuen eta gauzak zelan joan ziren kontuan hartuta, brontzea ondo baloratzen dugu".
640 kilora arteko txapela Ibarrak irabazi zuen eta Ñapurrak sailkatu zen bigarren. Orain 600 eta 560 kilora arteko txapelketak jokatuko dituzte. Lehenak bi jardunaldi izango ditu, otsailaren 14an eta otsailaren 21ean. Finala otsailaren 28an izango da. Bigarrenak jardunaldi bakarra izango du, martxoaren 7an jokatuko dena.