Abadiño sokatira taldeak 680 kilora arteko txapelagaz hasi du zortziko denboraldia

Anboto 2015ko urt. 19a, 13:00

Abadiñoko tiralariak erdian garaipena ospatzen.

Goma gaineko denboraldiko lehen txapela Abadiñorentzat izan da. Aurtengoagaz, 14 bider nagusitu dira 680 kilora arteko txapelketan eta iazko garaipena berritu du.

Leioan eta jardunaldi bakarrera jokatu zen txapelketa. Abadiño tiraldi denak irabazita heldu zen finalera. Bereziki gogorrak izan ziren ligaxkan Ñapurraken aurka eta finalerdietan  Zudaireren kontra (iazko azpitxapeldunak) izandako tiraldiak.

Ondorioz, “justu samar heldu ginen Ibarraren kontrako finalera”, onartu du Edu Mendizabal entrenatzaileak. Lehen tiraldia galdu egin zuten eta txapelak ihes egingo ziela zirudien, baina hurrengo tiraldi bietan euren sen irabaztailea  atera eta finalari buelta eman zioten: “Sufrituta irabazita garaipenak gehiago gozatzen dira eta guk lehenengo txapela balitz lez ospatu genuen”, dio Mendizabalek osteko ospakizun afaria gogoratuta.

Datorren zapatuan 640 kilora arteko txapelketaren lehen jardunaldia jokatuko dute Mungian; bigarren jardunaldia urtarrilaren 31n izango da. Abadiñok talde bigaz parte hartuko du. A taldeak finalera sailkatzea du helburu.

Denboraldi “lasaiagoa”

Aurten ez dago Munduko Txapelketarik eta denboraldia apur bat “lasaiago” hartzea erabaki dute Abadiñoko tiralariek. “Deskantsu aktiboa izango dugu, zelanbait esatearren”, dio Mendizabalek. “Aurten lehia ez dugu hain estu hartuko”. Ondorioz, pisu denetan irabaztera irtengo dira, baina badakite pisurik txikienetan  (600 eta 560 kilora artekoak) zailagoa izango dutena. Normalean, Abadiño pisu handietan (680 eta 640 kilora artekoak) moldatzen da ondoen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!