Ukitu surrealista daukaten koadroak ipini ditu Urizarbarrenak Bilbon

Anboto 2014ko uztailaren 13a

Uztailaren 3an inauguratu zuen Bakarne Urizarbarrena abadiñarrak bere lanen erakusketa, Bilboko Ercilla hotelean. “Primeran” joan zela dio artistak berak, “giro magikoa” sortu zela: Bilbo, Eibar eta Durangoko hainbat lagun elkartu ziren inaugurazio ekitaldian. Hain zuzen, Durangon daukan tailer txikian sorturikoak dira eskultorearen lanak.  

 

Ukitu surrealista daukate Ercillan ikusgai dauden irudi figuratiboek. Begirik eta ahorik bako giza figura bereziak dira koadroetakoak: arropa eskegitzeko pintzak dituzte gorputz enbor. Badago, esaterako, pintza gorputza duen amama jostun baten irudia.


Barkarne Urizarbarrenak azpimarratu du harrigarri egiten zaiola arropa eskegitzeko pintzen irudiagaz egindako marrazki batek zelako samurtasuna adierazi dezakeen.

Tamaina handiko hainbat eskultura lan egiteko proiektuak eta horien maketak prest dauzka artistak. Gustura ikusiko luke berak egindako maketa baten formatu handiko eskultura kalean. Baina zailtasunik handiena maketakoa eskala handira ekartzeko egin behar den inbertsioa gauzatzeko modua aurkitzea da. “Egunen batean loteria tokatzen bazait, tamaina handiko hogei eskultura egingo ditut!”, esan du barrez. Baina “dirua ez da dena”, zehaztu du: “Zure lana erosi gura duenik badago, primeran; baina asko balio du egiten duzuna jendeak gustuko izateak bakarrik ere”.

Originaltasuna helburu
Bakarne Urizarbarrenari ez zaio inporta besteek zer egiten duten, ezta modak ere. Besteenetik desberdina den obra sortu nahi du: ekarpena egin. Ez du zerbait polita bakarrik egin nahi. Hain justu, “originala” berba entzun zuen inaugurazio egunean gehien. Gustura dago, beraz, emaitzagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!