Bakarne Urizarabarrena, margolari eta eskultorea: "Formarik ez daukanari forma ematea da gustokoen dudana"

Anboto 2014ko uztailaren 13a

Abadiñarrak Bilboko Ercilla hotelean izango ditu bere artelanak ikusgai, uztailean. 

Zer lan ipini dituzu Bilboko Ercilla hotelean ikusgai?
Azken urteko sorkuntza ipini dut erakusketa horretan, hogei bat lan: koadroak eta eskultura batzuk. Lagun batek animatu ninduen erakusketa ipintzera, eta oso pozik nago. Egia esan, nire lana erakusteko bultzadatxo bat behar izan dut beti. Pozgarria da jendeak “zelako artista zaren!” edo “aparteko eskua daukazu” esatea. Oso leku aproposa da, gainera; jende askok ikusten du zure lana, jende asko igarotzen da bertatik.

Aurretik egin izan duzu beste erakusketarik?
Bai, Gipuzkoan eta Araban egin izan ditut erakusketak, eta baita Durangoko Ezkurdiko aretoan ere. Bertan oso artista onen lanak erakutsi izan diren arren, uste dut Ezkurdikoa ez dela batere leku aproposa erakusketetarako: ezkutuan dago. Erakusketa kolektibo baten barruan erakutsi nuen nire lana bertan.

Zure herrian, Abadiñon, ez duzu lanik erakutsi inoiz?
Ez. Duela urte batzuk proiektu bat aurkeztu nuen Abadiñon, tamaina handiko eskultura bat egiteko, baina egoera ekonomikoa zela-eta, udalak ez zuen aurrera egin, eta momentuz geldi dago proiektu hori. Estilo kubistako eskultura bat da, harri-jasotzaile bat oinarri duena.

Orain pintura lantzen duzu eskultura baino gehiago? Zelakoa izan da eboluzio hori?
Egurragaz hasi nintzen, duela 30 urte inguru. Beti izan dut oso gustuko zura lantzea; izan ere, ama altzari zaharren zalea da. Nik neuk hainbat altzari egin izan ditut, esaterako. Bestalde, txikitatik gustatu izan zait margotzea: maisuari jaramon egin beharrean, marrazkitxoak egiten ibiltzen nintzen. Pintura eta egurra nahastu izan ditut gero, eta, azkenaldian, pinturan jardun dut gehiago. Finean, formarik ez daukanari forma ematea da gustatzen zaidana.

Zelan sortu zitzaizun erakusketako irudien ideia?
Seme-alaba bi dauzkat, eta beti nabil arropa zabaltzen... Halako batean etorri zitzaidan irudia: pintzaren formagaz giza figurak egitearena. Izan ere, margotzekotan, ez dut edozer egin nahi; askok egiten dituzte paisaiak eta erretratuak, oso ondo gainera, eta nik beste zerbait egitea bilatzen dut. Egitekotan, zerbait desberdina egin behar dut, eta paisaiak margotuz gero, alegiazkoak izaten dira, neure buruan sortutakoak.

Autodidakta izan zara denean?
Bai, betidanik. Zaletasuna amagandik jaso dut –amak nabaritzen zuen trebea nintzela eskulanetan–. Baina berez joan naiz ikasten, eginez: bidean sortzen zaizkizun arazoak konpontzen saiatzetik. Ordu asko sartu behar da ikasteko, eta oso diziplinatua izan behar duzu.

Zelan antolatzen duzu eguna tailerrean aritzeko?
Zerbait esku artean daukadananean amaitu arte jo eta ke egiten dut lan egunero-egunero. Egurra lantzeak eskatzen du batez ere dedikazio handia. Eta lan oso fisikoa da, gainera. Ume txikiekin askoz zailagoa izan zait denbora ateratzea, baina orain denerako astia daukat.
 
Zer ematen dizu sorkuntzak?
Neure buruaz lasai, gustura egoteko modua da niretzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!