U.Sagarna: “Matiena eta Zelaietako ikastetxeetako ume den-denak hartu ditugu”

Anboto 2014ko eka. 18a, 09:47
Abadiñoko benjaminak duela gutxi taldearen 40.urteurreneko torneoa irabazi zutenekoa.
Abadiño Futbol Klubeko ordezkariak “harrituta eta haserre” daude Jose Luis Navarro alkatearen adierazpenekin. Unai Sagarnaren esanetan udalak eskatu bezala Matiena eta Zelaietako “ume den-denei” egin diete tokia klubean.

 

Unai Sagarna (29 urte, Zornotza) gazteen taldeko entrenatzailea da eta kadete, gazte eta nagusien taldeetako koordinatzailea. Navarroren adierazpenekin “harrituta eta haserre”, klubaren ikuspuntua azaldu gura izan du. Navarrok adierazi duenez, klubean hartu ez eta herriko gaztetxoek kanpoko taldeetara joan behar izaten  dutela izan da diru-laguntzak jaisteko arrazoietako bat. Sagarnak dio hori gezurra dela: “Orain hilabete bat alkateagaz batzartu ginen eta diru-laguntza 20.000 eurotik ez zela jaitsiko esan zigun. Areago, Traña-Matienako eta Zelaietako ikastetxeetako gazteak hartuz gero kopuru hori hazi egin zitekeela esan zigun . Eskatutakoa egin eta Traña-Matienako zein Zelaietako ume den-denak hartu genituen, 2003tik honako ume denak, beraz. Guk batzarrean eskatutako dena egin dugu”.

Herriko gaztetxoak bai ala bai hartzeko muga 14 urtetan ezarri zuten batzarrean, adin hori baita federatu ahal izateko gutxienekoa. Hain zuzen, Abadiñok ezin izan du kadete B mailako taldea sortu, ikastetxeetako umeak hartu ostean ez zegoelako talde denentzako tokirik Astolako azpiegituretan.

Azkenik, Navarrok berari buruz esandakoak ere argitu gura izan ditu: “Sei urte daramatzat Abadiñon, beste klub batzuetara joateko eskaintzak izan ditut eta hemen geratzea erabaki dut. Gure nahia da nire ostean datozenek taldea ahalik eta mailarik gorenean hartzea”.

Sagarnak adierazitakoez gainera, Abadiño Futbol Klubak komunikatu bat argitaratu du bere webgunean gai honen inguruan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!