Abadiñoko Udalak herriko futbol kluba zigortu du diru-laguntzaren erdia emanda

Anboto 2014ko eka. 17a, 14:41
Abadiñoko udaletxea
Abadiñoko Udalak 20.000 euroko diru laguntza beharrean 10.000ko emango dio Abadiño futbol klubari. Udalaren ustez futbol klubak lehiakortasuna lehenesten du beste balore batzuen gainetik eta herriko gaztetxo askok ezin dute bertan jokatu.

 

Jose Luis Navarro alkateak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, udalak Abadiño Futbol Kluba zigortzen jarraituko du eta diru-laguntza osoa beharrean (20.000 euro) erdia emango dio: 10.000 euro. Erabaki hori hartu du, udalaren ustez klubak ez dielako herriko gaztetxo denei bertan jokatzeko aukera ematen: “Jokalari falta badago ez dugu inongo arazorik beste herrietako gaztetxoak hartzeko, baina ez dugu ondo ikusten gure semeek bederatzi urtegaz kanpora joan behar badute hemen futbolean jokatzeko gai ez direla kontsideratzen dituztelako”.

Gaineratu duenez, “lehiakortasunaren gainetik kirolaren praktika lehenetsi behar da” eta bederatzi eta hamar urteko gaztetxoei “futbolean jokatzen onak ez direla esatea, gaztetxo horiek traumatizatzea da; udal batek ezin du hori onartu eta hare gutxiago udal azpiegituretan”.

Navarrok Unai Sagarna entrenatzailea eta bere aurrekotik zegoena kritikatu ditu: “Gurasoen aldetik normala da euren semeek herriko klubean jokatzeko nahia izatea eta horretan ahalegintzea. Nahi eta desio logikoa da, gaur egun klubean dauden entrenatzaileek ez dutena. Unai Sagarnaren interesak igoeran jarrita daude eta ondoren goragoko mailako talderen bat bere bila badator Abadiñoko kluba utziko du, eta hemendik jokalariak eramanda. Horixe da bere aurrekoak egin duena, kluba gidatzeko modu berdina defendatzen zuelako”.

Azkenik, futbol zelaian belar artifiziala jartzeko asmoa aztertzen dabiltzala argitu du, baina oraingoz itxaron egin beharko duela, kirisiaren eraginez gastuak doitu dituztelako eta lehentasuna duten beste proiektu batzuk dutelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!