Txapelagaz eta abarketa zuriak jantzita Abadiñotik zehar paseatzen zuen Alfredo Baeschlin (1883-1964) arkitekto suitzarrak. Urte bi eman zituen (1926-1927) Bengoa jauregian bizitzen. Denbora horretan inguruko baserriak aztertu zituen, eta euskara ere ikasi zuen. Tokian tokiko etxe motak bertako kulturarekin, izaerarekin eta hizkuntzarekin bat zetozela zioen. Gainera, margolaria eta poeta ere bazen. Alabaina, 36ko gerran Mirandako kontzentrazio esparrura eraman zuten preso. Gero Suitzara kanporatu zuten, diru barik eta ia itsu. Abadiñon bere izena daraman kale bat egon arren, herritar gutxik ezagutzen dute bere bizitza.
Euskal Herriarekin liluratu zen zure aita.
Euskara euskaldun baten moduan hitz egiten zuen. Euskaldun sentitzen zen. Agian, bere herria gogora ekartzen zion Euskal Herriak. Ni neu ere Euskal Herrian jaio nintzen, Bilbon. Nire aitabitxia Paulino Uzkudun boxeolari euskalduna izan zen.
Baserrien ezaugarriak sakonean aztertu zituen.
Tokian tokiko landetxeak ikertu zituen, baina ez Euskal Herrian bakarrik. Eivissako eta Mallorcako (Herrialde Katalanak), eta Galiziako etxeak ere aztertu zituen. Asko bidaiatzen zuen.
Abadiñoko kale batek bere izena darama. Egon zara inoiz bertan?
Badakit kale bat badagoela, baina ez naiz sekula joan. Nire semea bertan izan zen eta kalearen errotuluari ateratako argazkia erakutsi zidan. Orain izango dut aukera Abadiño ezagutzeko.
Zure aitak idatzi zuenez, “etxeek, eraikitzen duten pertsonek baino gehiago irauten dutenez, hainbat belaunaldirentzat izan behar dute, eta ezin dira ohituren kapritxo bat izan”. Bere etxea zelan diseinatu zuen?
Gure Godellako (Herrialde Katalanak)etxea berak diseinatu zuen. Altzariak eta instalazio guztia egin zituen. Jendea etorri izan da etxe hori ikustera. Oso berezia da.
36ko gerran atxilotu egin zuten.
1941ean kartzelaratu egin zuten Valentzian. Ondoren, Miranda Ebroko kontzentrazio esparrura eraman zuten, eta handik Suitzara kanporatu zuten. Espainiar naziotasuna eskatuta zuen, baina ez zioten eman; kanporatu egin zuten eta horrek heriotzatik salbatu zuen. Bisitan joan nintzaion Suitzara eta gutxi ikusten zuen, ia itsu zegoen. Nik 12 urtegaz lanean hasi behar izan nuen; arotza izan naiz. Hala ere, txikitan beragaz obrak bisitatzera joaten nintzen, eta asko ikasi nuen beregandik. Ikasitakoagaz etxea eraiki dut neuk bakarrik.
Aitarekin elkartu zineten Suitzan?
Suitzara bidaia prestatzen genbiltzala II. Mundu Gerra hasi zen, eta Valentzian gelditu behar izan genuen. Beranduago, valentziar batekin maitemindu nintzenez, ez nintzen hemendik joan.
Ajuria Enea jauregia ere diseinatu zuen zure aitak. Egon zara bertan?
Bai, kanpotik ikusi izan dut bertara joan izan naizenean. Baina ez dut barrutik ikusteko aukerarik izan. Behin gutuna idatzi nion aurreko lehendakariari, baina ez nuen erantzunik jaso.
Aste honetan Alfredo Baeschlinen omenaldiaren harira agenda zabala prestatu dute. Zelan hartu duzue bere familian aitorpen hori?
Poztasun handia eman digu aitaren omenaldiak. Jende askok parte hartuko du Bilbon antolatutako sinposiumean. Era berean, ohorea da Abadiñoko mahai-inguruan parte hartzea. Juan Atonio Garcia Esparza arkitektoarekin batera joango naiz. Esparzak sakonean ikertu du nire aitaren lana. Gainera, Jose Luis Lizundia euskaltzaina ere gonbidatu dute.