Ibon Martin, xakelaria: "Xakelariak motibatuta dabiltza, eta emaitza onak lortzen ari dira"

Anboto 2014ko api. 25a, 12:09

Abadiño Xake Taldearen izenean suziria piztuko du Ibon Martin abadiñarrak zapatuan, 13:00etan.


Noiz esan zizueten txosnetako txupinazoa botako zenutela?
Orain astebete gutxi gorabehera esan zigun txosna batzordeak. Ilusioa egiten du. Horrelako eskaintza batek esan nahi du ibilbide ona ekarri dugula eta jendearen arreta erakarri dugula.

Nork piztuko du suziria?
Klubean, esaterako, Muntsarazko eta Durangoko xakelariak ere badabiltza, baina Traña-Matienako norbaitek piztea zen asmoa. Alberto Delgado presidentea kanpotik dabil oporretan, eta niri eskaini zidaten. Egun horretan Eibarren egongo naiz gaztetxoen Euskal Herriko Txapelketako antolaketa lanetan, baina pare bat ordu libre hartuko ditut eta txupinazoa piztera joango naiz, azken orduko trabarik ez bada. Joan, piztu eta berriro Eibarrera.

Abadiño Xake Klubetik antolatzen duzue ekitaldirik jaietan?
Maiatzaren 4an eskolarteko torneo bat antolatuko dugu. Matienako eta Zelaietako ikastetxeekin batera Durangoko hainbatek parte hartuko dute: Never’s-ek, Zabalarrak, Landakok eta Jesuitak ikastetxeak. 7 eta 12 urte arteko 40 gazte ariko dira. Aurreko urteetan aldibereko txapelketak (jokalari bat hainbaten aurka txandaka) eta txapelketa itsuak (bi xakelarietako bat begiak estalita) egin izan ditugu, baina aurten aldatzea erabaki dugu.

Zein da Abadiñoko xake taldearen gaur egungo egoera?
Nahiko egoera ona bizi dugu. Kopuru aldetik 30 jokalaritik gora ditugu. Gainera, xakelariak nahiko motibatuta dabiltza, eta emaitza onak lortzen ari gara. Aurtengo ligetara bost talde aurkeztu dira, eta hiruk igoera lortu dute eta gainerako biak atarian geratu dira. Buruz buruko txapelketei dagokienez, Alberto Garcia Bizkaiko txapeldun geratu da kadeteetan eta Jon Lagos bigarren. Bizkaiko gazte mailan Maitane Varas izan da emakumerik onena. Hirurak durangarrak dira, baina Abadiñorekin dabiltza. Durangoko Larrasoloetaren eta Abadiñoren artean gertatzen dena da klub bietan jokatzen dugun jokalari asko bazkideak ere bagarela klub bietan.

Zelan dago klub biak batu eta talde komunak ateratzeko asmoa?
Ez da erraza, gauza asko bateratu behar dira: fitxak erdibana ordaindu edo ez erabaki behar da, eta hemendik urte batzuetara banatzea erabakitzen badugu, taldeekin zer egin ere pentsatu behar da, adibidez. Gainera, kide guztiak ez daude batzearen alde. Erabakia hartu aurretik berba egin behar da eta adostasunak lortu behar dira.

Pertsonalki zelan bizi dituzu San Prudentzio jaiak?
Urteak joan ahala gero eta gutxiagora doa nire jaizaletasuna. Gazteagotan gustura irteten zara parrandan, baina adinean aurrera joan ahala ez zara hainbeste animatzen, edo lagunek familia dute, edo lana… Desberdina da. Gustuko musika talderen bat badator, kontzertuetara joatea da orain gehien erakartzen nauena.

Zelan bizi duzu orain xakea?
Sasoi batean torneoak eta txapelketak jokatzea zen gehien gustatzen zitzaidana, baina apurka etapa hori atzean geratzen ari da, eta azken urteetan, batez ere, entrenatzaile lanetan zentratuta nabil, baina antolakuntza lanetan ere bai. Orain nahiago dut xakea irakatsi lehiatu baino. Txapelketak gustatzen zaizkit, baina, batez ere, partida laburrekoak; arratsalde osoa irauten duten partidak jokatzea gero eta aspergarriago egiten zait.

San Prudentzioen egitaraua:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!