Atzo arratsaldean egon zen medikuagaz eta hartu du erabakia. Ez da munduko txapelketara joango. Belauna hobetuko balitzaio ere ez du behar bezala prestatzeko astirik: “Txarto joatekotan, nahiago dut ez joan”, adierazi du.
Medikuagaz hainbat aukeren gainean berba egin zuen Egoitz Murgoitiok (Hirumet taldea); munduko txapelketan infiltratuta parte hartzearena, esaterako. Baina aukera hori baztertu egin du. Izan ere, gakoa ez dago belaunaren errekuperazioan bakarrik; kontua da belauneko minaren ondorioz azken hiru asteetan hiru-lau entrenamendu saio bakarrik egin ahal izan dituela. Munduko txapelketa batek eskatzen duen prestakuntzarako ez du astirik. Beraz, ez joatea erabaki du. Asteburuan Ispazterren dagoen lasterketan ere ez du parte hartuko.
Ondorioz, denboraldia amaitu da Abadiñoko txirrindulariarentzat. Orain, belauna behar bezala osatzera bideratuko ditu ahalegin guztiak eta datorren denboraldia planifikatuko du.
Bere taldekide Pablo Lastra joango da munduko txapelketara eta 23 urtez azpiko mailan parte hartuko du. Aurten inoizko ondoen dabil Lastra eta Euskadiko txapelketa, Espainiako kopa eta Espainiako txapelketa irabazi ditu 23 urtez azpiko mailan. Munduko txapelketan 25 onenen artean sailkatzen saiatuko da. Berea ematen badu 20 onenen artean ere sailkatu daitekeela uste du Murgoitiok.