Belauneko minak munduko txapelketa barik utzi dezake Murgoitio

Anboto 2013ko urt. 22a, 17:01

Hile eta erdian arrastaka dakarren belauneko mina areagotu egin zaio Egoitz Murgoitiori. Gaur utzi egin behar izan du entrenamendua hamar kilometro zeramatzala eta ezkor dago: \"Gaur eta hemen galdetuta, %95ean ezingo naizela munduko txapelketara joan uste dut\".

Hile eta erdian arrastaka dakarren belauneko mina areagotu egin zaio Egoitz Murgoitiori. Gaur utzi egin behar izan du entrenamendua hamar kilometro zeramatzala eta ezkor dago: “Gaur eta hemen galdetuta, %95ean ezingo naizela munduko txapelketara joan uste dut”.

 

Egoitz Murgoitio txirrindulari abadiñarra (Hirumet taldea) erori egin zen Euskadiko txapelketan, 2012ko abenduaren 30ean. Ahoko zauriak nahiko arin osatu zitzaizkion, baina eskumako belauneko belaunburuak ez dio bakerik eman harrezkero. Astebete geldi egon ostean, pare bat egunean entrenatu eta “nahiko ondo” heldu zen Espainiako txapelketara (urtarrilak 13an, Navian, Asturiasen). Bizikleta lepoan eta korrika egin beharreko tarteek, ordea, kaltetu egin zuten lehendik ere erabat errekuperatu gabe zeukan belauna. Ondorioz, joan zen astean ia ez zuen entrenamendu saiorik egin. Munduko kopako azken probara ere ez joatea erabaki zuen.

 

Domekan Benidorm-era joan zen entrenatzera, Euskal Herriko eguraldi txarretik ihesi. Atzoko entrenamendu saioan mina sentitu zuen, baina gaurkoa izan da animoak amildu arazi dizkiona. Hamar kilometroren ostean hotelera bueltatu behar izan du minez: “Gaur eta hemen galdetuta, %95ean ezingo naizela munduko txapelketara joan uste dut”.

 

Arazoa ez da lesioa bakarrik. Kontua da minaren ondorioz azkenengo hiru asteetan hiru-lau entrenamendu saio bakarrik egin ahal izan dituela: “Entrenamendu saio gogorrak eginda gatxa bada munduko txapelketan zerbait egitea, zer esanik ez hiru astean hiru-lau bider bakarrik entrenatu ondoren. Ondo prestatzeko modurik ez badut, ez naiz joango, hori argi dut”. Gaur arratsaldean edo bihar goizean medikuarengana joango da eta eguenerako hartuko du erabaki definitiboa: domekan Ispazterko lasterketan ariko den eta otsaileko lehenengo asteburuan Ameriketako Estatu Batuetan (Louisville, Kentucky) jokatuko den Munduko Ziklo-Kros Txapelketan parte hartuko duen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!