Gonzalezentzat Tornosolo Kopako txapela

Anboto 2012ko abe. 18a, 08:29

Ander Antxia abadiñarrak eta Mikel Gonzalez berriztarrak barikuan jokatu zuten Tornosolo kopako eskuz banakako nagusien lehen mailako finala. Gonzalezek merezitako garaipena lortu zuen (40-36), txapelketa guztian zehar egindako lanaren ordainean

Ander Antxia abadiñarrak eta Mikel Gonzalez berriztarrak barikuan jokatu zuten Tornosolo kopako eskuz banakako nagusien lehen mailako finala. Gonzalezek merezitako garaipena lortu zuen (40-36), txapelketa guztian zehar egindako lanaren ordainean.

 

Final borrokatua izan zen Durangaldeko bi pilotarien artekoa. Antzeko gaitasunak dituzten bi pelotari bildu ziren eta joko polita erakutsi zuten. Gonzalezek joko erasotzailearen  aldeko apustua egin zuen, Antxiak aldiz ez zuen gehiegi arriskatu partidu osoan zehar. Nahiz eta pilotari berriztarra markagailuan aurretik zihoan partiduaren osotasunean, ez zegoen argi txapela nork jantziko zuen, bien arteko aldea ez baitzen oso handia izan.

 

Gonzalezek txapelketa borobila burutu du. Aspuru, Jeannots, De Ezcurra eta Antxia menderatu ditu Abadiñoko Tornosolo trinketean. Orokorrean etxeko pilotariek maila hobeagoa erakutsi dute, Ipar Euskal Herrriko trinketistak partidurik irabazi gabe itzuli baitira.

 

Gonzalez eta Antxiaren arteko partiduaren aurretik, lagunarteko binakako partidua jokatu zuten Uriartek eta Ugartek, Gordon eta Waltaryren aurka. Rober Uriarte abadiñarrak eta Ugartek osatutako bikotea izan zen irabazle (40-26).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!