Ander Antxia abadiñarra eta Mikel Gonzalez berriztarra sailkatu dira Tornosolo Kopako finalerako. Finala barikuan jokatzekoa zen, baina arazo batzuk medio, antolatzaileek eguna aldatu egingo dutela iragarri dute. Oraindik ez dute data berria konfirmatu.
Barikuan jokatutako lehenengo finalaurrekoan Antxiak 40-25 menderatu zuen Rober Uriarte abadiñarra. Antxiak joko eta intentzio gehiago jarri zituen kantxan eta nahiko erraz atera zuen partidua aurrera. Uriarte ez zen bere ohiko mailan aritu, hein handian bere eskuin eskua ez zuelako ondo eta horrek bere pilotakadei bizitasuna kentzen zielako.
Bigarren finalerdian Gonzalezek 40-30 irabazi zion Paxcal de Ezcurra urruñarrari. Berriztarrak abantaila handia hartu zuen partiduko lehenengo erdian (19-9). Hala ere, Urruñako izarra ez zen denbora pasa etorri eta bere jokua atera zuenean galtza bete lan izan zuen Gonzalezek. Pilota sarean eta teilatuan jartzen maisua dela erakutsi zuen de Ezcurrak eta markagailuan aurrea hartzea ere lortu zuen (26-27). Orduan, Gonzalezek lau tanto egin zituen sakez bata bestearen atzetik eta azkenean erabakigarria izango zen abantaila hartu zuen.
Finala bariku honetan jokatzekoa zen, baina data aldatu egingo dutela iragarri dute antolatzaileek. Datozen egunetan iragarriko dute Antxia eta Gonzalezen arteko finala noiz jokatuko den.