Denboraldiko partidurik onena jokatuta lortu du igoera Abadiñok

Anboto 2012ko api. 24a, 10:45

Derio B 0-3 menderatu zuten. Ondoren, Zamudiora joan ziren Iraultza eta Mungia Bren artekoa bertatik bertara jarraitzeko.

Derio B 0-3 menderatu zuten. Ondoren, Zamudiora joan ziren Iraultza eta Mungia Bren artekoa bertatik bertara jarraitzeko.

 

\"\"

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Azkenengo denboraldietan atarian eta penatan geratu ondoren, Abadiñok joan zen asteburuan lortu du lehenengo erregionalerako igoera: “Igotzea itxaroten genuen, baina espero baino arinago heldu da”, adierazi du Oier Gonzalez entrenatzaileak. Izan ere, oraindik hiru jardunaldi falta dira bigarren erregionaleko liga amaitzeko.


Abadiño mailaz igotzeko baldintza  bi bete behar ziren asteburuan: euren partidua irabazi behar zuten eta Iraultzak, gehienez, berdindu egin behar zuen. Lehenengo baldintza erraz bete zuten Derio B 0-3 menderatuta: “Denboraldiko partidurik onena jokatu genuen. Baloiaren jabetzan, jokaldiak lotzerakoan, presioan… denean asmatu genuen”, Gonzalen esanetan. Alain Azkaratek gol bi sartu zituen eta Kerman Gonzalezek bat. Azken honek 19 gol daramatza aurtengo denboraldian eta bera da mailako pitxitxia. Alain Azkaratek 10 gol sartu ditu.

 

Zamudiora, Iraultza ikustera

 

Etxeko lanak eginda, Irautzaren emaitzaren zain geratu ziren, Zamudioko taldearen eta Mungia Bren arteko partidua abadiñarrena baino ordubete geroago hasten zelako. Abadiñora itzuli beharrean Zamudiora joan eta bigarren zatia bertatik bertara jarraitzea erabaki zuten 11-12 jokalarik eta Oier Gonzalez entrenatzaileak. Hona han bizitako uneak entrenatzailearen berbetan: “Iraultza 55. minutuan aurreratu zen. Partidua horrela amaituko zela ematen zuen, baina bat-batean, 86. minutuan, Mungiak berdinketaren gola sartu zuen. Geure gola balitz moduan ospatu genuen denok. Inguruko jendea harrituta geratu zen. Mungiaren zalerik sutsuenak ginela ematen genuen”.


Iraultzaren partidua domeka iluntzean amaitu zen eta hurrengo egunean laneguna zenez, “ezin izan genuen asko ospatu”: “Matienako jaietarako utzi ditugu ospakizunak!”.


Orain, liga amaitu bitartean lehen postuari eustea izango dute helburu: “Hogei jardunaldi inguruan lider egon ondoren, postu horri eustea gura dugu. Behinena igoera lortzea zen, duda barik, baina apurtxo bat zapore gazi-gozoa geratuko litzaiguke lehenengo amaitzea lortu ezik”.


Datorren asteburuan etxetik kanpora jokatuko dute berriro, Gorlizen.

 

Ospakizunak


Abadiño futbol klubeko zuzendaritzako lau ordezkarik ere bertatik bertara jarraitu zuten Derioko neurketa. Ondoren, Abadiñora bueltan, “mugikorra hartu eta Bizkaiko futbol federazioko webgunean sartzea izan zen lehenengo eginbeharra, Iraultzak zer egin zuen jakiteko”, gogoratu du Agustin Murua presidente ordeak: “Oraindik ez dugu erabaki zer ospakizun egingo dugun. Aberatsak ere ez gara eta zer edo zer xumea izango da seguruenik baina zeozer egongo da. Zuzendaritzako batzordea batzartzen denean erabakiko dugu”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!