"Ez gara konformatzen igoera lortzeagaz; lehenengo geratuta igo gura dugu"

Anboto 2012ko api. 14a, 09:07

Liga amaitzeko sei partiduren faltan, Abadiño futbol taldeak Bigarren erregionaleko promozio postua segurtatu dezake gaur. Abadiño mailako liderra da gaur egun, Kerman Gonzalez pitxitxiaren 15 golek lagunduta. Abadiñon bertan jokatuko dute

Liga amaitzeko sei partiduren faltan, Abadiño futbol taldeak Bigarren erregionaleko promozio postua segurtatu dezake gaur. Abadiño mailako liderra da gaur egun, Kerman Gonzalez pitxitxiaren 15 golek lagunduta. Abadiñon bertan jokatuko dute.

 

Asteburuan Zamudio B hartuko duzue etxean. 

Bertan 1-3 menderatu genituen. Irabazteko partidua dela uste dut, baina sekula ez da jakiten. Atzean sartzen badira, kosta egingo zaigu aukerak sortzea. Esaterako, Mungiaren kontrako partidua ere irabaztekoa zen eta hiru puntuak eraman zituzten.

 

Irabazita, gutxienez promozioa jokatzea segurtuta izango duzue. 

Promozioa segurtatzea garrantzitsua da, baina ez gara konformatzen, zuzenean igo gura dugu eta ez hori bakarrik: lehenengo geratuta igo gura dugu. Denboraldi ia osoan lidertzan egon gara eta igoera bigarren postu bategaz eskuratzea etsipen txiki bat izango litzateke. Behinena igoera lortzea da, hori argi dago, baina hainbeste denboran lehenengo egonda postu horri eustea merezi dugula uste dut.

 

Iaz Abadiñok ligako azken txanpan galdu zuen igoera. Zu orduan ez zinen taldean, baina taldekideek gogoratzen dute? 

Bai, baina ez beldurraren ikuspegitik, motibazioarenetik baino. Aurten ezin dela berdina gertatu aipatzen dugu. Eta ez dut uste gertatuko denik, abantaila polita dugulako eta taldean giro ona dagoelako.

 

Giro on hori da taldea hain sendo ibiltzearen sekretua?

Hein handi batean, bai. Horrez gainera, aurten talde zabalagoa dugu. Hau da, jokalari titularrak falta direnean taldeari ez dio eragiten. Kalitatezko jokalari bat lesionatu bada kalitatezko beste batek ordezkatzen du. Talde zabala izatea garrantzitsua da. Iaz, indar aldetik justuago heldu ziren ligako azken txanpara.

 

Lehenengoz aurrelari diharduzu aurten eta mailako pitxitxia zara 15 golegaz. Espero zenuen?   

Ez. Oierrek [Gonzalez, entrenatzailea] Abadiñora batzeko proposamena egin zidanean, zelai erdian beharrean, aurrelari moduan probatu nahi ninduela esan zidan. Aspalditik ezagutzen nau eta badaki zeintzuk diren nire dohaiak. Esperientzia berria da eta, egia esanda, oso pozik nago. Nik beti jokatu izan dut zelai erdian, baina aurrelari moduan ibili ondoren, nahiago dut postu hau. Askoz gehiago gozatzen dut.

 

Talde berria, posizio berria… Apustua izan zen.   

Bai, apustua izan zen. Lehenengo jardunaldian, entrenatzailea hamaikakoak jakinarazten zebilela, erdilarien artean nire izenik aipatu ez zuenean, aulkian geratuko nintzela pentsatu nuen, baina bat-batean, aurraleriak izendatu eta “Kerman Gonzalez” izan zen horietako bat. Apur bat estutu egin nintzen; ez nekien eskatzen zidatena egiteko kapaz izango nintzen. Zorionez, proba oso ondo irten zen.

 

Zure jokamoldea goitik behera aldatu beharrean aurkitu zinen?   

Posizioa, mugimenduak… Dena ikasi behar izan dut. Okerrago ibiliko nintzela uste nuen. Disfrutatzen nabil eta horrek ere laguntzen du ondo errenditzen.

 

Zorrontzako taldeko Unai Becerrak ere 15 gol daramatza.   

Pitxitxi izatea edo ez berdin zait. Ez dut horretan pentsatzen. Igoera da garrantzitsuena.

 

Altua zarenez (1,92 metro) erreferentzia zara atzetik baloia ateratzeko arazoak dituzuenean?   

Atzekoak zelai erdian laguntzarik aurkitzen ez badute eta paserako lerroa itxita badago, entrenatzaileak beti dio ni bilatzeko, mailako gizonik altuenetakoa naizelako. Sarritan erasorako ere baliatzen dugu jokaldia. Hegaletako eta aurrealdeko jokalari guztiak, Alain, Jokin eta Adrian, oso arinak dira, eta buruz baloia eurei ematea lortuz gero, arriskua sortzen dugu.

 

Igoera lortu nahiz ez, Abadiñon jarraituko duzu datorren denboraldian?   

Ez dakit datorren urtean zer egingo dudan. Galdera horri ezin diot orain erantzun; ez dakit futbolean jarraituko dudan ere.

 

Jarraitzen baduzu, 28 urtegaz, zer eskatzen diozu hemendik aurrera futbolari?   

Nagoen tokian nagoela, ondo pasatzea eskatzen diot. Nire ibilbidean eskaintza on batzuei ezetz esan diet. Futbolean lagun giroagaz disfrutatzeko jokatzen dut. Dirua, ahalik mailarik gorenean jokatzea…. Berdin zait. Adibide bat ipiniko dizut. Orain hiru-lau urte ere egin zidaten Abadiñora etortzeko eskaintza, estu zebiltzanez taldea indartu gura zutelako. Ez etortzea erabaki nuen ez nuelako inor ezagutzen. Aurten beste egoera bat aurkitu dut. Borja Garcia eta Eneko Silva nigaz etorri dira Amorebieta Btik, eta Jon Hernandez Zorrontzakotik fitxatu dute. Beraz, banuen jende ezaguna eta hori izan da Abadiñora etortzeko arrazoietako bat.

 

Amorebietan zazpi denboraldi egin zenituen. Arraroa izan da aurten zure talde ohiaren kontra jokatzea?   

Etxean jokatu genuena ez hainbeste, baina Zornotzako lehia berezia egin zitzaidan. Zornotzan Abadiñoko kamisetagaz jokatzea… arraroa izan zen. Gainera gol bi sartu nituen.

 

Ospatu zenituen?   

Bai, biak. Instintiboa izan zen. Izan ere, goletako bategaz banako berdinketa hautsi nuen. Taldea larri samar zebilenean eta golak lasaitasun apur bat ekarri zigun. Partidua amaitu zenean, Zornotzan taldekide izandako batek gogoratu zidan kontua, beti ere brometan.

 

Zornotza negargarri dabil aurten. 25 partidutan bost puntu bakarrik batu ditu.   

Kontuan hartu behar da iaz liga amaitu zenean jokalari ia guztiek utzi zutela taldea, joateko Abadiñora, Arratiara, Berrizera... Zornotzan lehenengo taldera bideratzen dituzte indar eta ahalegin guztiak. Bigarren taldea ez dute zaintzen. 

 

Lemoako gazteekin ere jokatu zenuen orain urte asko. Aurten larri dabiltza.   

Niri kontatu didatenean oinarrituta, taldea desagertu egingo dela esango nuke. Harrobiek ez dute dirurik eta zor handiak diduzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!