Iparraldeko bikote biak maila handikoak dira: Uriarte-Antxiak latz sufritu zuten finalerdian.
San Blas Trinkete Txapelketaren aurtengo ezaugarri nagusia emozioa da. Lehen maila berezian lehiatzeko etorri diren Iparraldeko bikoteek maila handia dute, aurreneko finalerdian ikusi zenez. Uriartek eta Antxiak azken txanpa itzel baten ondoren lortu zuten finalerako txartela. Bielle eta Dicassouren aurka 30-35 galtzen zihoazela, 10-1eko partziala sartu zieten.
Ikusitakoak ikusita, gaur (otsailak 10), 18:30etik aurrera, Mikel Gonzalez berriztarrak eta Inhar Ugartek ez dute finalerdi samurragoa, Inchauspek eta Arizmendik (Aspegaz profesional izana) ederto ezagutzen baitute ofizioa.
Finalak domeka honetan (otsailak 12) jokatuko dira Tornosolon, 12:00etatik aurrera. Lehen mailan Larralde eta Duccassou II.a sailkatuta daude, eta bigarren bikotea gaur irtengo da Barandiaran-Martin eta Gandiaga-Larrazabal lehiatik.