Enpresa Komiteak deituta Estampaciones Bizkaia S.A. enpresan aurreran eguerdian egindako kontzentrazioan 700 bat lagun batu dira.
Atzo goizean jasotako lan istripu batean langile bat hil zen (enpresak azpikontratatutako beste enpresa batean egiten zuen lan) eta beste bat larri zauritu zen Abadiñoko Estampaciones Bizkaia enpresan. Lan istripu hori salatzeko enpresa komiteak kontzentrazioa egin du gaur eguerdian. 700 bat lagun batu dira ‘Las istripu gehiagorik ez; Aski da’ lelopean. Kontzentrazioaren aurretik langile guztiekin batzartu dira: “Batzar hori langileak jazoeraren gainean informatzeko erabili dugu eta ez da beste ezelango erabakirik hartu”, adierazi du Aitor Iturriagak enpresa komitearen izenean. Enpresak 580 langile ditu eta inguruko enpresetako delegatuak ere egon dira kontzentrazioan.
Zauritutako langilearen egoerari buruz adierazi dutenez, “ezker hankan behatz bi moztu dizkiote eta eskumakoan amputazio inportantea jasan du”.
Iturriagaren esanetan “gaur istripua salatzeko batu gara hemen eta bihartik aurrera beste prozesu bat hasiko da”: “OSALANen txostena ikusi beharko da, Ertzaintzaren atestatua ere hor dago, senitartekoek abiatutako prozedurak ere egongo dira… labur esanda hemendik aurrera hasiko da erantzukizunak norenak diren argitzeko prozesua. Guk oraingoz diogun bakarra da makinek prest egon behar dutela langileak barruan badabiltza automatikoki geratzeko”.
Adierazi dutenez, gaur 14:00etako txandan iztuliko dira langileak lanera 24 orduko lanuztea amaitu ondoren.
Kontzentrazioan enpresa komiteko ordezkari guztiak egon dira: LAB sindikatuak 11 ordezkari ditu, eta, ELA, UGT eta CGT sindikatuek bina.
Enpresa komitearen arabera orain 11 urte, 2000. urtean ere beste langile bat hil zen enpresa horretan lan istripu batean.
Bestalde, Abadiño Ezker Abertzaleak kontzentrazioa deitu du gaur (urriak 5) 19:00etan, Traña-Matienako jubilatuen egoitzaren aurreran.