Langile bat hil da eta beste bat larri zauritu da Abadiñoko Estampaciones Bizkaian izan den lan istripu batean. Orain ordu eta erdi inguru izan da ezbeharra LAB sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez. Hildakoa azpikontratatutako Metso enpresakoa da.
Gaur eguerdian jazo da istripua, makina paketatzaileak harrapatzean. Azpikontratatuta zegoen METSO enpresako behargin bat, J.M.G.C., zendu da, eta Estampaciones Bizkaiako beste langile bat larri zauritu da, hanka bietan mozketak pairatuz. Osakidetzaren helikopteroan eroan dute azken hau Gurutzetako ospitalera.
Une honetan, enpresako zuzendaritza, OSALAN enpresaren prebentziorako zerbitzua eta enpresa komitea jazoera zelan gertatu den argitu guran dabiltza. Enpresa komiteak "doluminak" eman gura dizkie hildakoaren zein zauritutakoaren familia eta senitartekoei eta "behar duten guztian laguntzeko prest" daudela jakinarazi.
Enpresa komiteak 24 orduko lanuztea deitu du biharko (urriak 5), eta 11:30ean enpresako langile guztiekin batzarra deitu du. Ondoren, eguerdiko 12:00etan, enpresaren aurrean kontzentratuko dira.
LAB sindikatuak ere bat egin du biharko enpresa komiteak deitu dituen deialdi guztiekin. Gogoratu duenez, 2011n, orain arte, "45 langile hil dira euren lanpostuetan": "Hildako langilea Estampaciones Bizkaia S.A.-k azpikontratatutako enpresa batean zebilen lanean.Azpikontratazioa euren kontu-emaitzak errentagarri bihurtzeko erabiltzen dituzte enpresek eta langilegoaren eskubide urraketa bat dira".
Era berean, Abadiñoko Ezker Abertzaleak bihar (urriak 5), 19:00etan, Traña-Matienako jubilatuen egoitza aurrean kontzentratzeko deia egin du.