Otxandianok "ezkerreko subiranismoa" bozkatzera deitu du, bere esanetan, "EH Bildurik barik zenbakiek ez dutelako ematen, baina EH Bildurekin bermatuta dagoelako Euskal Herriaren eta bertako jendearen defentsa". Halaber, "esperantzarako deia" egin du legebiltzarkideak, "garai ilunei determinazioz" aurre egiten zaiela iritzita: "Guk ez ditugu euskal herritarrak abandonatuko. Atsedenik gabe borrokatuko dugu faxistak gelditzeko eta gehiengo aurrerakoi eta ausart bat posible egiteko", adierazi du.
Idurre Bidegurenek, berriz, atzo Oskar Matutek Espainiako telebista publikoan esandakoak ekarri ditu gogora: "Eztabaidan egiaztatu genuen hauek ez direla ohiko hauteskundeak. Eta asko dagoela jokoan. Zeren, inork sinesten al du eskuinak etxebizitzaren arazoa konponduko duela? Edo garraio publikorako laguntzak luzatuko dituela? Edo bankari zergak jarriko dizkiotela? Nor engainatu nahi dute eskuinak pentsioak pribatizatuko ez dituela diotenek? Inork uste al du euskal herritarron eskubideak bermatuko dituztela?" galdetu du hautagai bermeotarrak. Ildo horretan, Hego Euskal Herriko autogobernuentzako eta euskararentzako "arrisku" modura definitu ditu eskumako indar politikoak. "Motozerraren aurrean, jendeak irabazi behar du, joera erreakzionarioen aurrean, Euskal Herriak irabazi behar du", gaineratu du Bidegurenek.