Hautagaiak eta ordezkariak elizpea jendez beteta zegoela irten ziren ezenatokira. Ima Garrastatxu zinegotzi eta legebiltzarkide durangarrak zabaldu zuen hitzartze-sorta, eta elizpeari berari egin zion erreferentzia, udalerriak 1937an jasandako bonbardaketa gomutan: "Arkupe hau memoria antifaxistaren ikurra da. Herri honetan ez dugu aukera autoritariorik nahi, ez hemen, ez inon. Gure esku badago, hemendik ez dira pasako", adierazi zuen. Segidan, eskualdeko hautagai batek hartu zuen berba, Martin Arrasatek, bera da-eta senaturako hautagaien artean EH Bilduren Bizkaiko zerrendan bigarrena. "Indibidualismoaren garaietan" koalizio subiranistaren "proiektu kolektiboa" eta "indarra" goraipatu zituen Arrasatek, eta nabarmendu zuen EH Bilduren eskutik direla "posible" aldaketak. "Azaroaren 29koa geltoki bat gehiago izango da, ez helmuga. Posible da ultraeskuinari irabaztea", azpimarratu zuen.

Oskar Matute, mitinean. ARGAZKIA: EH BILDU
Oskar Matute Espainiako legebiltzarrerako zerrendaburua ere ekitaldian izan zen. Botoa "ezkerreko subiranismoari ematea" eskatu zuen, bai “lan baldintza eta soldata duinak bermatzeko", bai "bloke erreakzionarioa eserlekurik barik uzteko". "Zenbat eta EH Bildu gehiago, orduan eta prekarietate gutxiago. Zenbat eta EH Bildu gehiago, orduan eta murrizketa eta pribatizazio gutxiago. Zenbat eta EH Bildu gehiago, orduan eta eskubide eta berme gehiago bizitza duinak eraikitzeko", gaineratu zuen barakaldarrak.
Mitina EH BIlduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik zarratu zuen, eta aukera bi ipini zituen mahai gainean: "Bloke erreakzionarioa ala EH Bildu. Hori da hauteskunde hauetan jokoan dagoena, eta hautatu egin behar da. Eta gu ziur gaude herri honek hautatzen jakingo duela, eta, horrela, bloke erreakzionarioa garaituko duela. Posible egingo dugu”, azaldu zuen Otegik. Ildo horretan, PPri eta Voxi egin zien erreferentzia, EH Bildu delakoan beren "amesgaiztorik handiena". "Hauteskunde orokorretako bozetarako hitzordua hurbildu
ahala, bloke erreakzionarioak argi eta garbi adierazten du: bere aurkari politiko eta
hauteskundeetako lehiakide nagusia Euskal Herria Bildu da. Oso harro gaude horretaz", esanda bukatu zuen.

Ima Garrastatxu eta Arnaldo Otegi. EH BILDU