Ekimenaren balio kulturala eta soziala nabarmendu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. "Zornotzako Musika Banda gure herriko kultur bizitzaren funtsezko eragileetako bat da. Denboraldi berri honekin, musikaz gozatzeko aukera eskaintzeaz gain, gure sustraiak ezagutzera, bizipenak partekatzera eta herri gisa ditugun loturak sendotzen jarraitzera gonbidatu gaitu", azaldu du prentsaurrekoan. Aritz Labrador zuzendariak, ostera, bandak herriagaz eta herritarregaz duten lotura azpimarratu du. "Iraganeko kontuek orain duten eraginaz hausnartzea gura dugu zikloagaz, baita etorkizunean izan dezaketen eraginaz", azaldu du.
Abenduaren 19an izango da bigarren hitzordua. Sustraien aztarnak kontzertuaren txanda izango da; Seiren taldeko Jokin Lacalle eta Onintze Garcia ostera igoko dira taula gainera, bandagaz batera emanaldi berezia egiteko. "Elkarlan honegaz Zornotzako taldeen arteko harremanak sendotu gura dira". 2027ko otsailaren 20an, Haizezko durundia emanaldia eskainiko dute; haize sekzioak protagonismo berezia izango du ikuskizunean. Denboraldiko une garrantzitsuenetako bat maiatzaren 8ko Iraganaren hotsak kontzertua izango da. Bandak omenaldi berezia egin gura dio Ruper Lekue konpositore eta Zubiaur musika eskolako zuzendari ohiari. Bere obrek osatutako errepertorioa eskainiko dute. Ekainaren 19an emango diote amaiera denboraldiari, Haizetara kaleko musika jaialdian. Gaur egungo abestien aukeraketa fresko bat eskainiko du bandak.