Luis Birizuela hil da, Amorebieta futbol taldeko (SDA) presidente 24 denboraldiz izan zena, klubak ohar batean jakinarazu duenez. 79 urte zituen eta 1976tik 2000 urtera izan zen SD Amorebietako presidente.
Bere agintaldian, klubaren historian mugarri izan zen igoera bat bizi izan zuen 1981eko ekainaren 7an. Egun hartan, SD Amorebietak Mondragón 2-0 menderatu zuen Urritxen, Hirugarren Mailara igotzeko. Ondoren, maila horretan 30 denboraldiz jarraian aritu zen taldea.
90eko hamarkadaren erdialdean, Birizuela protesta ekintza bateko protagonista izan zen: udaletxean itxi eta gose greba hasi zuen, Urritxe udal futbol zelaiaren egoera txarra salatzeko. 1997 amaieran, Txolonen belar artifizialeko zelai bat eraikiko zela iragarri zen, Urritxetik 300 metrora, beheko mailetako taldeek erabiltzeko.
24 urtez presidente izan ondoren, 2000. urtean utzi zuen kargua. Aurretik, ordea, bere helburu nagusietako bat bideratu ahal izan zuen: Urritxe futbol zelaiaren eraberritzea. Urte hartako martxoan, zelaiaren erabateko berrikuntzarako proiektua aurkeztu zion Begoña Azarloza Zornotzako alkateari. Besteak beste, harezko zelaia belar naturalekoa bihurtzea aurreikusten zuen proiektuak, eta Udalak onartu egin zuen.
SDAk doluminak helarazi dizkie Birizuelaren senide eta gertukoei, eta klubaren alde egindako lan guztia eskertu du. "Eskerrik asko klubaren alde egindako lan guztiagatik".

Luis Birizuela SDAko presidente zen sasoian. (Argazkai: SDA).