Goizeko lehenengo orduan gertatu da dena: LAB sindikatuko pikete talde batek ekintza bat egin du Zornotzako udaletxean. Grebalariek eraikin sarrerako gela "okupatu" dute momentu batez, era sinbolikoan, etxebizitza politikak salatzeko. "Bestelako politikarik ezean, etorkizuna halakoxea izango dela irudikatu gura izan dugu", azaldu du Zornotzako LABeko Zaloa Ibeas kideak. Ildo horretan, LABek gogor interpelatu du EAJ: "Behingoz, hautaketa egin dezan exijitzen diogu EAJri. Errentistekin ala herritarrekin dagoen argitzeko, hau da, eskuinarekin eta eskuin muturrarekin, higiezinen patronalarekin, funts putreekin, etxebizitza jabe handiekin edo herritarrekin dagoen argitzeko", adierazi du Ibeasek. "Desjabetze arriskuen aurrean bitartekoak ipintzea eskatzen dugu, neurriak hartzea", gaineratu du.
Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak erantzun egin die LABen kritikei: "Zornotzako EAJk beti ipini ditu pertsonak ororen gainetik, eta gaur egun ere bide horri jarraitzen diogu. EAJ betidanik izan da alderdi humanista, eta, horrenbestez, beti ipini ditu pertsonak lehenengo lerroan", argitu du Salterainek. Horrez gainera, greba orokorraren testuinguruari erreparatu dio, guztiaren atzean "hauteskunde giroa" egon daitekeela iradokita. Halaber, alkateak ziurtatu duenez, udaletxeko lan-giroa ohikoa da momentu honetan. "Greba egitea eskubide bat da, eta ez egitea ere bai. Lanera etorri direnak lanean daude. Goiz arrunta gabiltza bizitzen, eta goizeko lehenengo orduko ekintza horren arrastorik ez dago honezkero", argitu du alkateak.