Lau adinekorentzako lekua duen etxebizitza komunitario bat eskainiko du Zornotzako Udalak

A. M.

65 urtetik gorako zornotzarrek autonomia mantentzeko, ohiko ingurunean bizitzen jarraitzeko eta bakardade egoerak saihesten laguntzeko helburuagaz, etxebizitza komunitario bat eskainiko du udalak. 

Zornotzako Udalak, lau adinekorentzako tokia izango duen etxebizitza komunitarioa eskaintzeko araudia onartu du. Zerbitzua, 65 urte edo gehiagoko herritarrei zuzendua dago; I. mendekotasun-gradua aitortua izan behar dute, euren egoerara egokitutako ostatu aukera behar dutela. "Adinekoek autonomiaz, segurtasunez eta bizi-kalitate onagaz bizitzen jarraitzeko moduko herria izatea gura dugu. Badakigu urteak aurrera egin ahala beharrak aldatu egiten direla, eta pertsona guztien egoerak ez direla berdinak", azaldu du Ainhoa Salterain alkateak. 

Tutoteratzapeko etxebizitza, autonomia pertsonala, segurtasuna eta laguntza uztartzen dituen aukera gisa planteatzen du udalak. "Zahartzeak ez du esan nahi independentziari edo gure ingurunearekiko loturei uko egin behar diegunik. Gure adinekoek Zornotzako kide aktibo sentitzen jarraitzea nahi dugu, eta euren harremanei, eguneroko ohiturei eta autonomiari ahalik eta denbora gehienean eutsi ahal izatea", gehitu du Salterainek. Etxebizitzak banakako bi logela eta logela bikoitz bat ditu, eta udalaren arabera, aldi baterako egonaldiak egiteko aukera ere eskainiko du udalak.

Erabiltzeko asmoa dutenek, eskaera egin aurreko hamabi hilabeteetan Zornotzan erroldatuta egon beharko dute. Udaleko Gizarte zerbitzuak arduratuko dira zerbitzua kudeatzeaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!