Datorren azaroaren 1era bitartean egongo da zabalik eta ez da beharrezkoa izango aurretiazko hitzordurik eskatzea; astelehenetik barikura egongo da zabalik, 15:00etatik 20:00etara. Sei hilabete baino gehiagoko zornotzar guztiek hartu ahal izango dute, lehentasunezko kolektiboren bateko kide izan zein ez. Hala ere, Osakidetzak aurtengo kanpainan arreta berezia ipini gura izan dio haurdun daudenen eta osasun profesionalen zaintzari. "Funtsezko kolektiboak dira kutsatzea prebenitzeko eta komunitate-osasuna bermatzeko", azaldu dute. Horrez gainera, Osasun Sailak eta Osakidetzak biztanleei dei egin diete txertatzeko. "Txertoa da neurririk eraginkorrena gripearen konplikazioak, ospitaleko ingresoak eta heriotza prebenitzeko. Txertatzeak norberaren eta inguruko pertsona kalteberen osasuna babesten laguntzen du", adierazi dute.
Gripearen aurkako txertoaz gainera, Zornotzako txertoguneak COVID-19aren aurkako txertoa ere eskainiko diete 65 urtetik gorako herritarrei. Kasu horietan, txerto biak bisita berean hartu ahal izango direla aurreratu du Zornotzako Udalak.