"Gabonak ez dira opariak eta argiak bakarrik, elkarregaz gozatzeko momentua ere badira. Ilusioa pizten da egun horietan, eta umeen zein nagusien begietan hori ikustea bezalakorik, ez dago", azaldu du alkateak.
Gabonetan herria girotzeko helburua ere izango du Baso magikoak. Zornotzarrak zein bisitariak erakartzeko, 1.000 sarrera establezimendu eta denden eskura utziko ditu. "Gabonetako magia Jauregibarritik harago zabaltzea nahi dugu, gure kaleetara eta saltokietara ere iristea. Parkera hurbiltzen diren pertsonek Zornotzan paseatzeko, gure establezimeduak ezagutzeko eta erosketak bertan egiteko aukera ere aprobetxatzea gura dugu". Horri lotuta, azaroaren 14an Bizkaidendaken gala Zornotzan egingo dutela gogoratzeko baliatu du aukera Salterainek. Udalak hitzordu hori sektoreari omenaldia egiteko, merkatarien ibilbidea eta Zornotzaren garapen ekonomian eta sozialean egindako ekarpena aitortzeko baliatuko duela aurreratu du, baita ere.
Zornotzarrek, primizian
Baso magikoa, azaroaren 30etik 2027ko urtarrilaren 6ra bitartean bisitatu ahalko da. Dena dela, zornotzarrek azaroaren 27an, 28an eta 29an parkea ezagutzeko aukera izango dute, primizian. Baso Magikoa instalatu eta martxan jarri bitartean, parkeko zenbati gunetara mugak jarriko dituztela azaldu dute, baita ere, edota, bertatik igarotzeko ibilbideak egokituko direla ere bai.
Bestalde, gazteentzako lan aukerak sortzeko aukera ere izango dela azpimarratu du Salterainek. Horrela, hamar gazte zornotzar kontratatuko dituztela aurreratu du alkateak. Iaz martxan jarri zuen Gazteen Enplegu Planean eman behar dute izena interesa dutenek.