Kontratua berriztuta, aurten taldean jarraitzen duzu. Gustura zaude Amorebietan?
Oso gustura nago. Zornotzan bertan bizi naiz, gainera. Taldean oso giro ona dugu. Lau-bost beterano kenduta, gainerakoak gazte-gazteak dira, baina hartu-eman naturala dugu, adinean dugun aldea ez da askorik igartzen. Zornotzako jokalari gehiago dago aurtengo taldean. Esango nuke naturaltasun hori dela taldearen indargune nagusietariko bat.
Taldeko kapitainak zelan laguntzen die esperientzia gutxiko gazteei?
Ogibidea erakusten ahalegintzen naiz. Beteranook esperientzia dugu, erreferentea gara aldagelan, eta gazteei erakusteko ardura dugu. Askorentzat lehenengo urtea da senior mailan, eta futboleko gauza txiki asko urteen poderioz ikasten da: gorputza zelan erabili, zelaian zelan mugitu… Prozesu baten parte da eta horretan gabiltza. Gazteek ikasi gura dute, entrenatzaileak edo beteranoek esaten dutenari adi eta prestu daude. Denboraldiaurretik hona aurrerapausoak eman dituztela ikusi dut.
Zeure burua usadio zaharreko aurrelari legez definitu izan duzu: area barruko ehiztaria. Galtzen dabilen espeziea da?
Beharbada bai, nik pertzepzio hori daukat behintzat. Hala ere, esan behar dut azken urteetan area barruko aurrelari gazte batzuk ikusi ditudala ni ibili naizen mailan. Ondo ibili direnak, gainera. Edozelan ere, gazteagoa nintzenean nire profileko aurrelari gehiago zegoen, eta geroago eta gutxiago dago. Futbola asko aldatu da azken hamarkada bietan.
Zeure jokoan garai berrietara egokitzeko beharra izan duzu ala zeure estiloari leial eutsi diozu?
Gazteagoa nintzenean, errematatzaile profila zen nirea, areatik gertu nengoen beti. Esperientziagaz gauza berriak ikasten dituzu: zelai erdira jaisten baloia jasotzera, lerro artean jokatzen… Orain jokalari konpletoagoa naiz, baina ez dakit garapen hori urteetako prozesu natural baten ondorioa den ala futbola asko aldatu delako izan den. Edozelan ere, orain taldeari gehiago emateko kapaz naizela ikusten dut. Hala ere, aurten area barruan hiru-lau aukera izan eta oraindino ez dut golik sartu! Bi zutoinera joan dira. Baina lasai nago, lehenago edo geroago asmatuko dut. 35 urtegaz ez zait ahaztuko golak zelan sartu!
Amorebieta zortzigarren dago sailkapenean. Itxaroten zenuten liga hasiera da?
Taldean gazte asko dagoenez, ez nekien zer itxaron, egia esanda. Eta hobe horrela, pronostikoetan ez dut sekula asmatzen eta. Normalean, denboraldiaurreetan "aurten ondo ibiliko gara" edo "aurten kostatuko zaigu" esaten diet nire ingurukoei, eta gero kontrakoa gertatzen da. Gu gugan zentratuta gaude eta partidurik partidu joango gara. Helburu legez ez dugu sailkapeneko postu zehatz bat ipini, ez dugu horri buruz berbarik egin. Gauza asko dugu hobetzeko, baina irabazi ditugun partidu biak merezita eta oso serio jokatuta irabazi ditugu. Aurrekontuari dagokionez, talde asko dira gu baino indartsuagoak, baina ilusio aldetik inork ere ez digu irabaziko.
Futbolean denerik bizi izan duzu. Zer geratzen zaizu bizitzeko?
Denerik egokitu zait, bai; etxetik urrun jokatzea, etxetik hurbil... Orain ume bat dut eta ezin naiz urrun joan. Futbolaz gozatzea baino ez dut bilatzen, futbola ikaragarri gustatzen zaidalako. Bizitzeko esperientzia gogoangarririk geratzen zaidan? Zergaitik ez? Halako esperientziak sarritan sorpresaz heltzen dira, gutxien espero duzunean. Adibidez, aurten Errege Kopa jokatuko dugu eta nik birritan jokatu dut Bartzelonaren kontra. Aurten Kopan aurrera egiteko ilusioa daukat, lehen mailako talde baten aurka jokatzekoa, eta Urritxe bete-beterik ikustekoa. Baina ez dut hori behar pozik egoteko. Futbola nire bizitzako pasioa da eta asko gozatzen dut egunerokoagaz.
Ibili zaren talde denetatik zeinek utzi dizu gomutarik onena?
Gomuta on asko dago. 2011n gol asko sartu nuen Bigarren B Mailan Sestao River taldeagaz. Oso urte polita izan zen. 2021-2022an Linaresegaz Bigarren Mailarako kanporaketa Coruñako Deportivoren kontra Riazorren jokatu izana ere ondo gogoan dut. Beste behin, Kopan, nik sarturiko gol bati eskerrak kanporatu genuen Alaves.
Zein izan duzu unerik gogorrena?
Momenturik gogorrenari buruz ez daukat zalantzarik. Sestao Riverren gol asko sartuta, Lezamara bueltatu nintzen. Athleticek utzita nenbilen Sestaon. Gaztea nintzen eta aukera asko nuen jokatzeko. Baina belauneko minagaz hasi nintzen eta urte osoan ez nuen jokatu. Horixe izan zen momenturik txarrena. Denboraldi osoan entrenatu barik egon nintzen. Gainera, Bilbao Athleticek mailaz igotzeko kanporaketa jokatu zuen urte hartan. Taldeak gol mordo bat sartu zuen eta nik jokatzeko modua izan banu, aurrelaria izanda…, batek daki zer gertatuko zen. Baina, tira, tren hura joan zen. Hala ere, zorteko sentitzen naiz; 35 urtegaz hemen jarraitzen dut, futbolean jokatzen. Gainera, harrezkero lesioek nahikotxo errespetatu naute.
Kopan birritan jokatu duzu Bartzelonaren aurka: 2021-2022an Linaresegaz, eta hurrengo urtean Intercitygaz. Zelan gogoratzen dituzu kanporaketa horiek?
Linaresegaz partidua jokatu nuen, Intercitygaz ez. Linaresegaz aurretik Alaves kanporatu genuen, nire gol bati eskerrak, gainera. Bartzelonaren kontra 1-2 galdu genuen. Atsedenaldira 1-0 aurretik joan ginen. Bigarren zatian, Dembele zelairatu zen eta partidua goitik behera aldatu zuen. Hurrengo urtean, 3-4 galdu genuen. Luzapenean hiruna gindoazela, zelairatzeko prest nengoen, kasik penaltietan penaltia zein aldera botako nuen pentsatzen, baina erdiko atzelaria lesionatu egin zitzaigun eta beste jokalari bat sartu zen.
Noiz arte ikusten duzu zeure burua futbolean?
Gorputzak kito esan arte. Zorionez, fisikoki ondo sentitzen naiz.
Futbola uztean, zer asmo duzu?
Futbol munduari lotuta jarraitu gura nuke. Horretarako trebatzen nabil. Eginda daukat entrenatzaile izateko hirugarren maila eta aurten kirol zuzendari ikasketak egitea dut buruan. Futboletik kanporako ikasketak ere egin ditut. Futbolaren munduan leku bat egitea ez da erraza, baina futbola nire pasioa da.