Lasterketa bi, mendi martxa eta umeentzako lasterketak dira bihar goizetik eguerdira arteko menua. Denen artean, 600 parte hartzailetik gora batuko dira. Zubiondo parkean hasi eta amaituko dira proba guztiak. Mendi martxa izango da abiatzen lehenengoa, 08:30ean. Iaz antolatu zuten lehenengoz, eta ekimenaren feedback "oso ona" jaso dutenez, aurten ere egitea erabaki dute, Zornotza Mendi Taldeko Igor Lopezen esanetan. Martxak 15 kilometro eta 850 metroko desnibel positiboa ditu.
22 kilometroko lasterketa (1.300 metroko desnibel positiboa) 10:00etan hasiko da. Lasterketa hau Mari Koparako puntuagarria da. Nora Narbaiza Kopako liderra (378 puntu), Lola Oiarzabal bigarren sailkatua (260) eta Nerea Amilibia hirugarren sailkatua irteera puntuan egongo dira. Gizonetan, Josu Urrutia liderrak (316 puntu) eta Ander Jauregi hirugarren sailkatuak (280) parte hartuko dute. Partaideen artean beste izen batzuk ere nabarmendu daitezke, hala nola Itsasne Urkiaga eta Ander Gerrikaetxebarria zornotzarrak, Iñigo Pradera mallabitarra eta Euskal Selekzioagaz dabiltzan Ibai Cebrian, Aitor Zunzunegi eta Hodei Samaniego.
Sugaar Koparako puntuagarria den 12 kilometroko lasterketa 11:30ean hasiko da. Nesken zein mutilen sailkapeneko lehenengo hirurek parte hartuko dute: Zutoia Odriozolak (398), Oihane Alonsok (356) eta Maialen Garciak (260) nesketan, eta Victor Bernedok (420), Julen Orbegozok (304) eta Aitor Gonzalezek (286) mutiletan. Proba bakoitzeko irabazleak 120 puntu batuko ditu. Lasterketa bien artean, 10:00etan, umeen lasterketak ere egongo dira, aurten lehenengoz, hainbat gurasok antolatuta. Adinka banatuta (2014tik 2024ra arte jaiotakoentzat), 1.200, 700, 300 eta 150 metroko ibilbideak prestatu dituzte.