Nor zen Tretatxu?
Beti gura izan dugu istorio bat eraiki euskal nekazaritza giro horretan; oso erromantizatua dagoen gai bat iruditzen zaigu eta ikertu gura genuen, modu batera edo bestera, periferiak non zeuden ikusteko. Hori ikertzen ahalegindu ginen, XVIII. mendea ikertzen, eta bertan topatu genituen, adibidez, gauez estraperloan ibiltzen ziren emakumeen istorioak. Legalak ez ziren lan batzuk ziren, baina baserri munduan onartuta egoten zirenak. Hortik tiraka, bidelapurreriaren mundua agertu zen, nahiko mundu berria guretzat, eta hor topatu genuen Tretatxu. Gerora, Hector Ortegaren liburua ere topatu genuen. Liburu horretan informazio ugari topatu genuen, baita kopla bat ere, eta nondik tira egin topatu genuen. Hectorren liburuan oso ondo agertzen dira epaiketako kontuak alde batetik, eta koplak bestetik, zelan herriak kantatzen zion. Oso interesgarria iruditu zitzaigun. Beraz, Tretatxuren istorioa hartu dugu oinarri; bidelapur bat, heroi bat zelanbait, herriak heroi bat zelan eraikitzen duen ikusteko; transmisioa zelan gertatu den ere interesatzen zaigu. Beste alde batetik, oso interesgarria egiten zitzaizkigun heroien alde bi horiek, plaza publikokoa zelanbait esateko, eta etxekoa ere bai. Hau da, begirada horretatik eraiki gura genuen istorioa. Alde batetik, gure pertsonaia honek etxerako bidaia bat egiten du, eta, bestetik, boterearen aurka altxatzeko beharra dauka, koroaren aurka momentu honetan. Hortik tiraka, gure istorio propioa eraiki dugu.
Estetika aukeratu eta lantzeak ere lan dezente emango dizue. Oker ez banago, obra bakoitzak bi-hiru urteko lan prozesua du.
Zortea dagoenean bai! Aurreko lanak ondo funtzionatzen duenean, denbora gehiago duzu hurrengoa lantzeko. Biran zaudela, lasai zaude sortzeko. Gure kasuan, azken urteetan zorte hori izan dugu eta bi-hiru urteko sortze zikloak izan ditugu. Furgoneta orduak lanerako aprobetxatzen ditugu, jakina. Estetika aldetik, Valentina Raposo kidea jo eta su aritzen da tailerrean, berak eraikitzen ditu panpinak. Istorioaren arabera, material desberdinak lantzen ditu. Alde batetik, ikerketa lan bat dago, informazio asko batzen dugu bertan, eta hortik inspiratzen gara gero istorioa idazteko. Gero, kontuan hartuta publiko guztiarentzat lan egiten dugula, umeak ere kontuan hartu behar ditugula, informazio hori guzti hori batu eta ipuin bilakatzen dugu. Zelan kontatu ere erabaki behar da eta hor estetikak pisu handia du. Publiko guztiarengana ailegatzeko, oso garrantzitsuak dira kode eszenikoak.
Geruza desberdinak landu behar izaten dira.
Hori oso argi dugu. Lehenengo eta behin, guretzat eraikitzen dugu istorioa. Gu gara agertokira igotzen garenak istorio bat behin eta berriro kontatzera, eta, beraz, lehenengo eta behin, guretzat eraiki behar dugu. Eta guretzat den hori aretoan jesartzen den mundu guztiarentzat kontatu behar dugu gero.
Max saria jasotzeak izan du eraginik sortze prozesuan?
Ez. Saria sorkuntza honen azken fasean heldu zen. Ordurako, lau egonaldi eginda genituen.
Eta igartzen duzue presiorik?
Bai, hori bai. Ulertzen dugu badagoela espektatiba bat. Alde horretatik, eskertu dugu lana aurretik martxan egotea. Orain urte bi ingurutik edo, hauxe da kontatu gura genuen istorioa. Saria jaso eta zeozer muntantzen hasi behar izanez gero, ulertzen dut beste modu batera egin beharko dela. Baina gure kasuan oso argi geneukan zelan kontatu gura genuen. Baina, egia esanda, sariek horrelako espektatiba bat sortzen dute, bai, eta badago publiko berri bat antzezlana ikustera etorri gura duena. Hori igarrita gaude. Gure asmoa betiko jarraitzaileei eta berriei erantzuna ematea da.
Sariak ateak ere zabalduko ditu.
Bai, eta esan gura nuke jendeak ospatu duen saria dela. Bai Zornotzan bai Durangon, jendeak ospatu egin du; batzuk hunkituta hurbildu zaizkigu. Beraz, badakigu jendea gogotsu dagoena lan berrirako. Presio txiki bat ere igartzen dugu, sari garrantzitsua delako azken batean, eta maila eman gura dugulako.
Bestalde, gure egutegiaren zatirik handiena finkatuta zegoen saria heldu zenerako. Baina, tira, dudan zeuden programatzaile batzuk pausoa ematera animatu ditu sariak. Beraz, bai, ate batzuk zabaltzen ditu. Eta prentsa aldetik ere sariak oihartzun handia izan du. Esango nuke orokorrean arte eszenikoentzat positiboa dela sari hau jasotzea, ikuslego orokorrago batengana heltzea errazten duelako. Aurretik ere jaso izan ditugu sariak, baita sektorekoen aldetik ere. Baina oso sari ezaguna izaterakoan, ikusgarritasun handiagoa ematen dizu, zelanbait. Urteetan etorri edo ez egon den lagun horrentzat bultzadatxo bat izango zen beharbada. Eta baita "inoiz ere ez dut ikusi txotxongiloen ikuskizunik eta badut halako bat ikusteko gogoa" pentsatzen dutenentzat ere bai.
Txotxongiloak infantilizatu egiten direla uste duzu?
Txotxongiloek betidanik izan dute trataera hori, ezta? Antzerkian eta arte eszenikoetan ere, arreba txiki legez ikusi izan da. Garai luze batean infantilizatu egin direla esango nuke, baina txotxongiloen mundua beti egon da hor eta oso lan zintzo eta indartsuak ere kaleratu dira. Guk beti aldarrikatu izan dugu arte eszenikoek istorio bat kontatzeko duten beste teknika bat direla txotxongiloak. Azken finean, mundu bisual aberats bat eraikitzea lortu behar duzu, eta teknika hori kontrolatzea. Antzerkira zoazenean, hitzarmen moduko bat egiten duzu eszenatokian dagoenagaz: hor dagoena ikusi bura dut eta bota iezadazu, jasoko dut, eta gogotsu eskaintzen didazun hori moduren batean amaituko dut.
Bestalde, esango nuke txotxongiloek une gozoa bizi dutela. Azken urteetan, bai Max sarietan bai bestelakoetan ere, publiko guztientzako antzezlan asko egon da, txotxongiloenak ere bai. Eta txotxongiloekin lan egiten duen jendeak badaki teknikak oraindino ere ahalmen handia duela garatzeko. Eta lehen baino une gozoagoa bizi badu, gure aurretik lan egin dutenei eskerrak da; hemen izan ditugu Taun taun Bergaran, Gorakada, Javi Tirado... Eskualdean bertan, sorkuntza maila handia dago. Horren erakusgarri da Ganso&Cia ere egon izana azken Max sarietan, eta Markeliñe ere badago Zornotzan... Beharbada ohitu egingo ginen, baina inguruan talentu handiko hainbat artista dugu.